Apirilaren 30ean, herrikide batek, egungo krisi kapitalistak, itxaropenerako aukerak ematen dizkigula esaten zuen. Baina itxaropen bakarra sozialismoa da. Krisi hau beste erakusgarri bat besterik ez da ari izaten; kapitala krisian sartzen den bakoitzean langileria da ofentsibaren ondorioak pairatu behar dituena, antolakuntzarako gaitasunak urratuak dituen bitartean, askatasun politikorik gabe, eta urratsak eman ezean, ez dago itxaropenik.
Honela, ezinbestekoa zaigu sozialismoaren bidean urratsak eman ahal izateko baldintzak jartzea, ez soilik beste nolabait bizi nahi dugulako, kapitalaren basakeriatik libratzeko aukera bakarra delako. Baina krisiak ez dakar itxaropenik, ez da bat-batean jendearen kontzientzia piztu eta gauzak aldatzearen beharrezkotasuna agertzen. Kontzientzia iraultzailerako baldintzak, langileon antolakuntzak emango ditu, proletargoaren interesak defendatu ahal ditzakeen subjektu politiko bakarra izanik.
Berehalakotasun horretan, herrikide honi ahaztu egin zaio kapitalak, eta honen antolakuntza politikoak, estatuak, zertan datzan. 1945Etik aurrera eraiki zen ongizate estatuaren zutabeak erortzen joan dira azken urteetan, 2008ko krisitik proletarizazio prozesu etengabea bizi izan da, krisi berri honek areagotu besterik egingo ez duena. Testuinguru honetan, lekuz kanpo geratu dira ongizate estatu berri baten aldeko aldarriak.
Zerbitzu publikoak areagotzeagatik ez da mundu berri bat eraikitzen. Ekoizpenaren gaineko langile kontrola da horretarako bitarteko. Europa handiaren garaiak amaitu dira eta sozialdemokrazia liberala Estatuaren salbatzaile papera hartzen ari da. Ongizate estatua sekula ez da izan langileon askatasunaren sinonimo. Krisi garai honetan, langileriaren ofentsiba antolatzea dagokigu. Sozialismoa itxaropen bakarra.
Axier Mendizabal Goñi