Jasota Bezala

Entzun, ulertu, adostu

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Goñi Irazustabarrena 2020ko mai. 4a, 00:00

Apirilaren 26an Ion Azpiazuk idatzi bat plazaratu zuen tarte honetan. Berdina egin zuen Josu Arrietak bi egun beranduago Ioni erantzunez. Bizi dugun egoeran bereziki tristura ematen dit gure artean ulertzeko gaitasun eza ikusteak. Elkarrekin ika-mika destruktiboan aritzeko zaletasunak. Akaso hezkuntza eta jendarte ereduak (dirua pertsonen gainetik duen horrek) horretara bideratu gaituzte, horretara bideratu gara. Eta hementxe gaude: gure burua entzuteko denborarik ezin hartuz, bestea entzuteko gogo eskasez. Zaila egiten zaigu (nigandik hasita) hurkoa entzun eta ez juzgatzea, zaila egiten zaigu benetan bestearen (iritzi ezberdina duenaren) motibazioa ulertzen saiatu eta bere tokian jartzea. Zaila egiten zaigu gure ideiak zentruan ez jarri eta bestea errespetatzea; gure ideia horiek ez inposatzen saiatzea alegia.

Ziur naiz gehienok bat gatozela, ostalaritza eta denda txikiak jasaten ari diren egoera gogorra dela esatean. Elkartasun osoa beraiei eta gaizki pasatzen ari den milaka pertsonari. Baina aldi berean, ziur nago gehienok bat gatozela Hernaniko kaxkoko auzokideak (baita beste auzoetakoak ere) azken urteetan jasaten ari garena jasanezina dela esatean (txotx denboraldia bereziki). Benetan lotsagarria da Hernani zertan bihurtu den ikustea. Gauzak garbi: horren jakitun gara herritarrok, udala, tabernariak, sagardogileak… Denon eginbeharra da arduraz jokatzea. Ni bezala pentsatzen duen hori, errespetatu, entzun, ulertu eta ahal den heinean adostasunetara iristea. Hasi gaitezen denon artean, txikitik, maite dugun hori eraikitzen. Amesten dugun Hernani eraikitzen. Maite ez dugun horrek kateatu ez gaitzan.

Ibai Goñi Irazustabarrena

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!