Bigarren Mundu Gerraren osteko osasun krisia eta krisi sozial, ekonomiko eta politiko handiena pairatzen ari garenean, itxaropen edo aukera berriei buruz hitz egitea harrigarria egingo zaio bat baino gehiagori. Baina, tarteka, gizartearen historian topatzen dugun bidegurutze batean gaudela iruditzen zait.
Jakina! Kapitalistek, elite ekonomiko liberalek, transnazionalek, krisi honi, irtenbide errepresiboa eta zapaltzailea eman nahiko diote. Halaxe da, ez dira tontoak. Baina uste dut langile eta herritar xumeentzat mundua beste modu batean eraikitzeko aukera berri bat ireki zaigula.
Azken finean, virusaren krisi honekin kapitalismoaren mito asko erori dira. Zer edo zer argi geratu bada da interes publikoa pribatuaren gainetik egon behar dela eta gizartearen oinarrizko beharrei kudeaketa publikoak pribatua baino hobeto erantzuten diela.
Beraz iragartzen den berreraikuntzaren zutabe nagusienetako bat nazionalizazio edo zerbitzuen publifikazio masiboa izan beharko luke eta elkarrekin horren alde borrokatu beharko ginateke.
Osasungintza eta zaintza lanekin zerikusi duten jarduera guztiak publifikatu, herritar oroi argindarra eta erregaien hornikuntza publikoa bermatzea, etxebizitza politika herritarren zerbitzura jartzea eta desjabetze planak martxan ipintzea, alokairuen mugak finkatu, oinarrizko errenta bermatzea, Hego Euskal Herriko banka publiko bat martxan jartzea. Hau dena Hego Euskal Herrian egin daiteke Espainiaren baimenik gabe… Hau dena eta gehiago mendebaldeko Europan martxan ipini zen 1945ean. Gaur egun Berlin eta Amsterdamen ere antzeko neurriak edo ausartagoak martxan jartzen ari dira. Hernanin 2018an kale garbiketaren zerbitzua publifikatu zen.
Berrabiarazi dezagun mundu hau. Posiblea da. Aukera dugu.