Ekaitz Cisneros Gomez
Sokamuturra Bai
Lehenik eta behin, esan beharra daukagu 2019ko maiatzean egindako mahai ingurutik gaur arte ez dugula inolako deirik jaso, jaietan animalien erabileraren inguruko lanketarekin aurrera jarraitu edo irtenbide bat emateko asmoz. Hau horrela, guk lanean jarraitu dugu, San Joanetan erakutsi genuen moduan, eta herritarrek emandako babesarekin gure proposamenak aurrera eramateko lanean gabiltza.
Atzera eginez, orain dela hiru urte sokamuturra eta zezen txikien egun bat kentzea erabaki zen, herritarrek nola erantzungo zuten ikusi eta gaia zein puntutan zegoen ikusteko herri mailan. Horren aurrean, herritarren erantzuna kontrakoa izan zen, eta ekintza hauek gora egin dute behera egin beharrean. Argi ikusi da urte hartako erabakia ez dela babestua izan herritar askoren artean, eta horregatik aurten ere hirugarren eguna berreskuratzea da gure proposamen nagusiena.
Jaiei begira eta hain urruti joan gabe, orain dela hilabete bat Inauterietan zezen txiki eta poniek bildu zuten jendetza eta giro ona ere azpimarratu nahi genituzke. Ikuskizun hauek bizirik eta indartsu daudenaren erakusle dira irudi horiek, askorentzat San Joan edo Inauterietako egitarauko oinarri sendoa baitira.
Bestetik, esan nahi genuke hiru urtetan zehar bilera mordoa, mahai ingurua, telebista, elkarrizketak... egitea aberasgarria izan dela gaia jorratzeko, baina ez dugu zilegi ikusten egitarauko ekintza jendetsuenetako bat zalantzan jartzea. Azken finean, hernaniar askorentzat jaien esentzia dira, eta ezinbesteko ikusten dituzte San Joanetako sokamuturra, Portuko asto karrera eta Azeri Dantza bezalako ekintzak.
Bukatzeko, eskerrak eman San Joanetan babesa erakutsi zeniguten guztiei, eta esan hirugarren eguna berreskuratzeko lanean jarraituko dugula.