Salbuespen egoera honetan, egunero omentzen ditugu koronabirusak jota dauden guztien zaintzan dabiltzan profesional guztiak, mediku, erizain, garbitzaile, zaintzaile, dendari, suhiltzaile eta udaltzainak, besteak beste. Atseden gutxirekin egunero, lanean diharduten guztiak ahaztu gabe. (Ospitalean edo etxean sendatzeko bidean zaudeten guztioi nire animu eta indarra). Badira ordea, kalean ikusten ez ditugun eta zintzo-zintzo etxetik atera gabe, aste joan eta astea etorri, etxean zaudeten neska-mutilak. Zuentzat doa nire omenaldirik sentikorrena oso ondo betetzen ari baitzareteosasun agintariek ezarritako neurriak.
Baina zuen esfortzuak ezin du etengabekoa izan, ordainean ezertxo ere jaso gabe. Maskotak paseatzera ateratzea baimenduta badago eta helduek egunero erosketak egiteko aukera baldin badugu, zergatik ez aitortu eskubide berberak herriko neska-mutilei? Une honetan, udaberriko haizea eta eguzkia ezinbestekoak dituzte osasun fisiko eta mentalaren onerako. Egoera larri honetan irtenbiderik gabe geratu diren haurren eskubideak defendatzeko garaia ere iritsi da. Jokoan baitago ezbairik gabe,euren osasuna.
Koronabirusak eragindako drama honen erdian, txapeldun handienak gaztetxoak zarete eta agintariek zuen ongizatean pentsatu behar dute berandu baino lehen. Osasun neurri guztiak betez, guraso edo arduradun baten babesean kalera irteteko erabakia hartu beharra dago. Zuek zarete etorkizunaren kimuak eta zaindu behar zaituztegu, orain bereiziki maitasun eta goxotasun handiagoz. Bitartean, gurasoentzat ere nire esker ona, pazientzia eta umore onaz zaintzen eta jasaten ari zaretelako salbuespen egoera larri hau. Zain ditzagun etxeko heroiak. Ez etsi.