Covid-19aren lehen ondorioa Hego Euskal Herrian, heziguneak eta unibertsitateak ixtea izan zen. Lehenik eta behin, Gasteizeko heziguneak eta Arabako kanpusa zarratu ziren, ostean Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako kanpusak ere. Izan ere, gainbalioaren erauzketarekin jarraitzeko hautu irmoa egin du euskal zein espainiar burgesiak. Ikus dezakegu, ikasle langileok kolokan uzteko arazorik ez dutela izan, hain zuzen ere, unibertsitateak gainbalioa sortzen ez dute eta.
Ikasketa prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak nabariak dira unibertsitatean nahiz bigarren hezkuntzan aurrez aurreko dozentzia bertan behera utzi dutelako. Internet bidezko irakaskuntza martxan jartzen saiatu diren arren, begi-bistakoak dira horrek dituen berezko mugak, ikasle txiroenek sufritzen duten arrakala digitalak areagotzen dituenak, bestalde. Gainera, informazio faltak norbere ikasketa prozesuaren antolaketa asko zailtzea dakar, gaur-gaurkoz ez baitakigu ez noiz, ez nola egingo diren unibertsitatean azterketak, horrek sortzen duen ziurgabetasunarekin. Antzekoa da Lanbide Heziketako ikasleon egoera ere: praktikaldiak bertan behera utzi ostean ez dakigu errepikatu egin beharko ditugun edo balekotzat joko diren orain etendakoak kalifikaziorako.
Selektibitateko proba atzeratu izana ere aipatzekoa da, eta Baxoa atzeratzeko erabakia oraindik hartu ez bada ere, pentsazekoa da berandu baino lehen atzeratuko dela hau ere.
Amaitzeko, zera exijitzen dugu: 1) osasun larrialdiari dagokion informaziorik ez ezkutatu eta egia osoa azaltzeaz gain, airean dauden ebaluazio irizpide eta data guztiak lehenbailehen finkatzea, 2) unibertsitateek, ikastetxeek eta gobernuek egoera honetan ikasle langileen ikas baldintzak okertu ez daitezen beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea eta 3) hezkuntza esparruan hartzen diren erabaki guztietan ikasleria langilearen interesen ordezkaritza bermatzea bere antolakundeen bitartez.