Konfinamendu egoeran daramagu jada astebete baino gehiago. COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko hartutako neurria izan da, beste batzuen artean. Konfinamendu honek, birusaren hedapena etetea du helburu, baina horrek beste eragin batzuk ere baditu jendearengan. Herritar zaharrenak isolamendura kondenatuak izan dira, oinarrizko beharrak asetzeko ezgaituak. Milaka langile lanik gabe geratu dira jarduera ekonomiko ezberdinak eten direnean, milaka ERTE, eta konfinamenduari aurre egiteko inolako baliabiderik gabe utzi dira langile asko. Jendea kale-gorrian konfinamendua egiteko lekurik ezean. Emakumeak euren erasotzaileekin konfinatuak, etab.
Hala ere, ekoizpena ez eteteko ahaleginetan jarraitzen dute, osasun-irizpideak jarraitu gabe eta langileriaren osasuna arriskuan jarriz. Egoera honen aurrean, baliabide ezberdinak jartzen ari dira martxan oinarrizko behar horiek asetuak izan daitezen, eta herriz herriko Zaintza Sareak dira adibide bat. Hortaz, Hernaniko Gazte Asanbladatik ere bertan parte hartzeko deia egin nahi dugu, guk ere gure baliabideak jarriz ekinbide horretan. Baita, GKSk abian jarritako salaketa kanpainan ere.
Egoera honek ofentsiba berri bat ekarri du osasun-krisiaren itzalpean eta langileria izango da honen ondorioak pairatuko dituena. Kapitalismoa eta honen gizarte eredua dira egoeraren erantzuleak. Gure interesen araberako elkartasun sareak sortzea dagokigu; jarrera paternalistarik gabe, arrazoi politikoak baitaude honen atzean, langile antolakuntzan sakonduz eta ikuspegi orokor batekin; ez baita soilik osasun-krisi bat, eta langileok gure tresnak garatu behar ditugu honi aurre egiteko.
Gaur ere, elkartasuna saretzea dagokigu alarma egoerak dakarren ofentsiba gelditu eta gure interesak defendatzeko.
Axier Mendizabal Goñi,
Gazte Asanbladaren izenean