Xabier Lertxundi Asteasuinzarra
Hernaniko alkatea
Astea bete da COVID-19 dela eta konfinamendurako agindua eman zenetik. Ez dira egun errazak izaten ari inorentzat, ezta udal kudeaketan gabiltzanontzat ere. Egunetik egunera egoera aldatuz doa eta gu ere egoera berrira egokitzen saiatzeko neurri berriak hartzen ari gara. Gure lehentasuna argia da: egoera zaurgarrienean daudenak babestea. Horretara bideratuta hartu ditugu Adinekoen Egoitzan prebentzio neurriak eta baita etxeetara deiak egiten hasi edo janaria etxez etxe banatzen.
Egoera honek dirauen bitartean, neurri gehiago hartzen jarraituko dugu. Denon zeregina da ingurukoak babestea eta horretarako ezinbestekoa da konfinamenduaren neurriak betetzea.
Hori bereziki azpimarratu nahi dut. Izan ere, lehen aste honetan hamarnaka espediente ireki dizkie Udaltzaingoak kalean justifikaziorik gabe zeuden pertsonei. Batzuk neurriak zintzoki betetzen ari garen bitartean, oraindik ere bada arriskuaz jabetu ez den pertsonik. Gure bizitza arruntera lehenbailehen itzuli nahi badugu, ezinbestekoa da neurri hauek zorrotz betetzea. Udaltzaingoak horren jarraipen zehatza egiten jarraituko du.
Aipamen berezia egin nahi dut Urumea Herri Guneak antolatutako boluntario sarearen inguruan. Herritarrek erosketak egiteko zein botikak etxera eramateko prestatu dira. Boluntario sare honekin elkarlanean ari garela eta Udalaren berme osoa duela adierazi nahi dut. Etxeetara joango diren boluntarioak ondo identifikatuta egongo dira.
Idatzi hau aprobetxatu nahiko nuke eskerrak emateko, herritarrei egoera berezi honetan izaten ari zareten pazientziagatik, baita izaten ari zareten irudimenagatik ere. Asko zarete itxialdia alaitzeko hainbat ekimen egiten ari zaretenak balkoietan. Horri eustera animatu nahi zaituztet, denok ere ekitaldi horiek noiz iritsi zain egoten baikara. Eskerrik asko denei eta eutsi goiari.