Jasota Bezala

Zoriontasuna, gure bizitzaren ardatza

Erabiltzailearen aurpegia Iker Arratibel Zotes 2020ko mar. 16a, 00:00

Zoriontasuna gure bizitzako helburu garrantzitsuenetarikoa bihurtu da azken urte hauetan. Hori dela eta, etengabe gure inguruan «zoriontasun» hitza aurkitzen dugu: iragarkietan, sare sozialetan, aldizkarietan... Baina, zoriontasunak gure bizitza gobernatu behar al du?
Argi dago gaur egun zoriontsu izateko beharra dugula eguneko 24 orduetan, hau da, zoriontsu ez bagara, gizartetik kanpo gaude. Nolabait esatearren, zoriontasunaren tirania bizi dugu egun. Sare sozialetan gainera hau areagotu egin da; alde batetik, gure bizitzaren alde positiboa besterik ez baitugu erakusten. Honek arazo larria ekar lezake: batetik, gure ingurunean ditugun pertsonak beti zoriontsu ikusten ditugunez, frustatu egiten gara gu hala sentitzen ez garenean, eta inbidiak gure bizitza gobernatzen du. Bestetik, sentimendu negatiboen garrantzia gutxiesten dugu. Triste egotea edo inbidia sentitzean, gaizki sentitzen gara, askotan errudun sentitzeraino ere bai. Ez dugu ahaztu behar zoriontsu ez ezik sentimendu negatiboak ere izatea komeni direla, biologikoki ezinezkoa baita eguneko 24 orduetan irrifarrea izatea. Baina, zoriontasuna soilik sare sozialetan aurkitzen dugu? 
Gure ingurua aztertzen badugu, konturatuko gara zoriontasuna iragarkietan edo erosten ditugun produktuetan ere badaudela: Coca Cola edaten baduzu, zoriontsu izango zara; Audi A3 bat erosten baduzu, zoriontsu izango zara, eta horrela etengabe. Hori dela eta, jabetu behar dugu zoriontasuna marketinaren gakoa dela. Beraz, kontu handiz hartu behar ditugu telebistan edo beste iragarkietan ageri diren zoriontasunaren ideiak, saldu diguten egoera utopiko hori ezinezkoa baita. Gainera, askotan, saltzen diguten zoriontasunaren eredu hori ez dator gure balore eta ideiekin bat.
Bestalde, azken urtetan zoriontasunari buruz ideia oker bat zabaldu da: zoriontasuna soilik gure menpe dago. Badirudi zoriontasuna gure erabakien araberakoa izango dela. Hau da, zorigaiztokoak bagara, geure errua izango da. Egia da norbere borondateak eragin handia duela zoriontsu izateko garaian, baina, zoriak ez al du eraginik? Argi dago baietz. Esaiozu, bestela, Mediterraneoa ontziz zeharkatzen duen etorkin bati sentitzen duen zorigaitza bere erantzukizuna dela... Gainera, euskaraz zoriontasun hitzak (zoriona = zori + ona) adierazten digu zoriona ez dagoela soilik gure menpe, zoriak ere eragina baitu. 
Laburbilduz, kontuan eduki behar dugu zoriontasunak gure bizitzan hartzen duen garrantziaz, besteak beste, saldu diguten zoriontasunaren ideia okerra delako. Oso garrantzitsua da sentimendu positiboak edukitzea, baina azken hauek ezin dute gure bizitza kontrolatu, hots, ezin ditugu gure erabakiak soilik zoriontsu izateko helburu hori lortzera bideratu.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!