Ikastea eta formatzea eskubide bat baino gehiago betebehar bat da gazteontzat. Derrigorrezko hezkuntza formazioa amaitu ondoren ere ikasten jarraitzera behartuak gaude. Aitzitik, lanpostuetara sarbidea eskuratzeko geroz eta titulu gehiago ateratzera behartuak gaude. Aurreko belaunaldiek baino ikasketa gehiago izanik ere, lan baldintzak kaskartu egin dira eta soldatak gero eta txikiagoak dira.
Aurrez esandakoa gutxi balitz, ikasketen kostua geroz eta handiagoa da. Garraioaren prezioa eta materialen kostuak urtero garestitzen ari diren arren, ikasketak ordaindu ahal izateko laguntza ekonomikoak geroz eta murritzagoak dira gobernu, instituzio eta enpresa pribatuen aldetik. Ikasketak ordaintzeko zailtasunak biderkatzen zaizkigu anai arrebaren bat unibertsitateko ikaslea izanez gero, gutariko asko datozen urteetan izango garen moduan.
Horren aurrean, Ikasle Abertzaleok uste dugu antolatzea eta mobilizatzea ezinbesteko eginbeharra dela ikasleontzat. Zentzu horretan ulertzen dugu martxoaren 26ko ikasle greba. Ikasketa prozesu osoak doakoa izan behar duela aldarrikatzeko greba deialdia izango da. Gainera, unibertsitateko ikasleen aldarrikapenak indartu eta bereziki unibertsitateko tasak merketzera bidean eta beken hobekuntzarako inflexio puntua izango da.
Gure ikastetxe eta hezkuntza zentroetan ikasketak doakoak izan behar direla sinesten dugulako egingo dugu greba. Halaber, unibertsitateko kideek eskertuko dute martxoaren 26an greba egin eta hiriburuetako manifestazioan ikusten gaituztenean. Guk ere eskertuko dugu datozen urteetan unibertsitateko ikasleak garenean. Norabide horretan antolatu eta borrokatuz lortuko dugu hezkuntza langile klasearen mesedetara antolatzea. Beraz kalean ikusiko dugu elkar.
Ikasleok martxoaren 26an greba! Gora ikasleon borroka!.
June Aranburu Bitorika,
Ikasle Abertzaleak-eko kidea