Ia 9 hilabete pasa dira udal gobernu berria eratu zenetik eta herri honetan norbaitek ba al daki zertan dabiltzan alkatea eta bere zinegotziak?
Ez behintzat Astigarragako autobus zerbitzua hobetzen. Aurreko legealdian hainbeste kezkatzen zituen gaia ez dute aipatu ere egin azkeneko hilabeteetan. Oraindik ez dira Foru Aldundiko Mugikortasuneko sailarekin bildu; ezta Haurreskolen Partzuergoarekin ere, haurreskola berriko proiektua koordinatzeko.
Ez daukate klima aldaketaren kontra eta ingurumenaren aldeko proposamenik, EAJk bultzatutako Santiagomendi-Landarbaso Paisaiarako Plana kajoian sartu zutenetik. Ez dago kulturaren aldeko inolako ekimenik, PNVk bideratu zuen kulturetxea inauguratzea itxaroteaz gain.
Astigarragan PNVk landu eta erein duena jaso besterik ez dira egiten ari alkatea eta bere taldea: ibai parkea; Kontxaren lorategia eta Anuska auzoko irisgarritasuna hobetzeko obra-lanak; Arrobitxuloko igogailua; Emakumeon plaza eta inguruko urbanizazioa... Eta, gainera, kexatzen dira. Aurreko legealdian landutako proiektuak jaso eta gainera EAJk egindako lana gutxietsi egiten dute… Astigarragako proiektu berririk ezean. PNVren lana baliatu eta eurena denaren itxurak egiten dabiltza. Baina lanean ez. Pankartak eta zaborra plazetan zabaltzearekin denborapasan. Eta kitto.
Horregatik, PNVren proiektuak gauzatzen doazen heinean, konturatzen hasiak dira proposamen berriak landu beharko dituztela, baina, ai... horretarako lan egin behar da. Ez daude baratzean lanean aritzeko jarrerarekin eta PNVri eskatzen diote herriaren alde lan egiteko. PNVk jarraitu behar du etxea hornitzen, jauntxo berri hauentzat.
Ez dira soilik hitzak. Azkeneko plenoan, zeintzuk diren gure herriarentzat dituzten proiektuak galdetuta, idatzi dituzten iragarkien kopurua aipatu zuten. Komunikazio lanetan dabiltza: EAJko proiektuei oihartzuna ematen, beraienak balira bezala. Besterik ez dute, zaborra nahasten jarraitzeaz gain, noski.