Gaur egun, euskara gero eta gutxiago hitz egiten da, bai ikastoletan eta bai kalean. Arazo larri honek hizkuntza bat ezezik harekin batera dagoen kultura bat ere arriskuan jartzen du. Hau dela eta, arazo honekin bukatu behar dugu egoera konponezina bihurtu baino lehen.
Alde batetik, ikastoletan euskara geroz eta gutxiago hitz egiten da. Gaur egun baliabideak soberan ditugu euskara ikastoletan bultzatzeko. Halaber, datuek diotenez euskara erabilera eskoletan geroz eta txikiagoa da. XVIII. mendean Joanes Etxeberrik eta Kardaberazek euskara irakaskuntzan txertatzearekin egiten zuten amets. Gaur egun ere pentsatzen genuen euskararen etorkizuna bermatuta egongo zela euskara hezkuntzan bermatuz gero. Haatik, denborak erakutsi digu hezkuntzarekin ez dela nahikoa euskararen biziraupena ziurtatzeko. Beraz, ezinbestekoa da neurriak lehen baino lehen hartzea.
Badaude beste faktore batzuk euskararen erabileran eragin zuzena dutenak. Alde batetik, teknologia berriekin ingelera geroz eta prestigio eta ospe handiagoa lortzen ari da gure gizartean. Hori dela eta, batez ere gazteok euskara alde batera uzten ari gara. Egia da, interneten euskarak duen garrantzia geroz eta handiagoa dela. Halaber, ikusi dugunez ez da nahikoa, gure hizkuntza alde batera uzten ari baikara.
Orobat, ez dugu ahaztu behar euskarak beste hizkuntza txiki askok bezala, gaztelania edo ingelera bezalako hizkuntza handiekin bizi behar duela. Hau kontuan hartu behar dugun errealitatea da, eta euskararekin bukatu nahi ez badugu ezinbestekoa da neurriak hartzea. Izaki bizidunekin gertatzen den bezala, desagertzeko arriskuan dauden espeziak babestu egiten ditugu, baina, zergatik desagertzeko zorian dauden hizkuntzekin ez dugu halakorik egiten? Zergatik ez dizkiegu baliabideak ematen hizkuntza minoritarioei?
Argi dago gure esku ez dauden beste interes batzuk daudela honen atzean. Baina guk ere egoera hau hobetzeko ahalmena dugu. Hori horrela izanda, kontuan izan behar dugu gure hizkuntza arriskuan dagoela. Beraz, egoera hau konponezin izan ez dadin, beharrezkoa da egoera honi irtenbideak bilatzea, beste norabide bati ekitea. Hizkuntzaren errealitateak adierazten digu dagoeneko hartu ditugun neurriak ez direla nahikoak eta, beraz, hausnarketarako unea iritsi dela.