Gaur eta bihar, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Asier Ezeiza Xaxi herrikidea epaitua izango da beste behin, bere militantzia politikoagatik. 2008an atxilotu zuten Frantzian, geroztik kartzelan egon da, eta azken asteetan Espainiaratu zuten bertan ere epaitua izan zedin.
Militante politikoen aurkako jardunak ez du etenik burgesiaren errepresiorako aparatu ezberdinen aldetik, eta ez du etenik izango disidentzia politikoaren aurkako funtzioa betetzerik izango duten bitartean. Horregatik, errepresioaren aurrean gure elkartasuna adierazi nahi diegu Xaxiri eta euren militantzia politikoagatik jazarritako kide guztiei; baita zeharka ere, errepresio hori jasan behar duten senide eta lagun guztiei. Gure eginbeharra da euren borroka aintzat hartu eta militante politikoak izaten jarraitzen dutela aitortzea.
Horrez gain, amnistiaren aldeko aldarria beharrezkoa zaigu, hau izango baita militantzia politikorako arrazoiak gainditu, militante politikoen zilegitasuna aitortu eta berauek aske izateko berme bakarra.
Eutsi Xaxi! Zurekin gaude! Besarkada bana kartzeletara.
Haritz Arrieta Erauskin
Hernaniko Gazte Asanblada