Joxe Mari esan orduko, lehenbizi, bere aurpegi irribarretsua etortzen zaigu burura. Bizi garen gizarte honetan, nabarmentzen direnetatik batzuk, beti gora egin nahian sumatzen ditugu, beren lanbidean, beren proiekzio sozialean; Joxe Mari bere ametsengatik eta bere ilusioengatik nabarmentzen zen, bere idealismo eta umore onagatik.
Legazpin ere ez zen geldirik egon; zinegotzi izana, eskolak ematen ere aritu zen. Kimika ikasi eta Patrizio Etxeberria enpresan aritu zen lanean. Guk, duela urte batzuk ezagutu genuen, hark egindako deira, hamar bat lagun elkartu ginenean Hernanin, euskarazko kulturaren adierazpen ezberdinak bultzatzeko eta jendaurrean erakusteko lekuren baten bila eta proiektua mamitu nahian. Baikortasuna transmititzen eta etsipenezko uneetan adorea altxatzen aparta zen Joxe Mari.
Hiru bat urtez aritu ginen ideia eta ikuspegiak partekatzen eta herriko zeinbat eragilerekin, hainbat bilera egin genituen proiektua nola ikusten zuten jakiteko. Ez genuen 'Kulturola' izenez bataiatu genuen egitasmoa aurrera eramaterik izan, baina ez gara damutu orduan egindako lanarekin. Taldearen arima Joxe Mari izan zen, 'Hik hasi'-n, hogeita bost urtez izan den bezala.
Irakaskuntza eta euskara zituen lagun hartu-hartuak, bihotzeko bi maitasun sozial ezin baztertuzkoak, eta halaxe hil da, lanean, maite zituenen alde eta maite zutenengandik hurbil. Euskarazko kulturak langile xume bezain leiala galdu du, eta ezagutu dugunok beti gordeko dugu geure barrenik barrenenean leku berezi bat, bizi-eredu ederra erakutsi digunarentzat, bere irribarre betierekoarekin batean. Adiorik ez, Joxe Mari!
Bizitzan zehar bihotzez
maitatu duzu euskara,
euskaldun finek arduraz
egin ohi duten gisara,
euskal kulturari berriz
eman diozun bultzada,
etengabe lan eginez
hamarkadaz hamarkada,
hezkuntzan nork ez du hemen
sentitu zure taupada,
lasai Joxe Mari, zeren
pentsa bai daiteke jada,
gure gaiok salbatuko
ditugula behar bada,
gu zure koherentziaz
saiatzen baldin bagara.
Pako Sudupe, Ixiar Egiguren, Amagoia Etxeberria, Laida Lizarribar, Juanjo Uria, Aritz Usandizaga, Jokin Nazabal, Nerea Uria, Pello Egaña,
Oier Agirresarobe.