Aisialdia, denbora librea, festa… zer dago itxurazko askatasuna iradokitzen duten kontzeptu horien atzean?
Libreki antolatu al dezakegu gure denbora librea? Zer ospatzeko egiten dugu festa? Ba al dakigu jai eredu kapitalistatik kanpo harremantzen?
Urteak daramatza Hernaniko gazte asanbladak autogestioan oinarrituriko aisialdirako eremuak sortu eta dinamizatzen. Kapitalismoak, ordea, badu bere baitan haren aurka antolatu den hori xurgatu eta asimilatzeko gaitasuna. Berdina pasa al zaigu Hernanin? Jakin al dugu kapitalaz gaindiko aisialdi eredurik sortzen?
Olinpiadak, Solstizio jaietako egitarau alternatiboak, gaztetxeko urteurrenak… inork esango du badugula eredua non finkatu zehaztuko digun aurrekari egokirik. Militanteon eginbeharra, ordea, egindako horren gaineko errebisioa egitea da. Ongi eginak egiten jarraitu eta akatsak ez errepikatzeko.
Horregatik eta horretarako, aisialdi eta jai eredu kapitalistaren gainean hausnarketa iraunkor bat ematea proposatzen dugu. Egungo jai ereduaren nolakotasunaren aurrean neurriak hartu eta gure beharrak aseko dituen jai eredu bat antolatzen hasteko, otsailaren 14an gaztetxean antolatu dugun eztabaidan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.
Hau hasiera besterik ez da! Autogestioa eta borroka!
Aingeru Otxotorena Uralde
Hernaniko Gazte Asanblada