Herri honetan, minarekin batera bizitzen ikasi behar izan dugu. Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan noizbait egin ziguten mina -min infinitua- inoiz ez da sendatu: barru-barruan gurekin daramagu, edonoiz, edonora. Noizbait iraindu egin gintuzten eta umilatu, mespretxatu eta gutxietsi, ukitu eta ito, jo eta bortxatu... eta gure arteko zenbait hil ere egin zituzten. Beti ere minez, baina gure herriaren askatasunaren alde borrokan jarraitzeko gai izan ginen.
Herri honetan, tortura arma aski sofistikatua izan da euskal independentismoaren aurka jarduteko. Funtzionatzeko, sare kafkiar bat antolatu zuten, beren arduradun politiko, instituzional, polizial, mediko, judizial eta mediatikoen inplikazioz. Baina 5.655 laguni egin digutena ez omen da gertatu; geure burutazio baino ez omen da. Eta geure mina areagotu duen horixe da azken batean, aitortza gabezia hori.
Horrekin batera, Espainiako kartzeletan dauden berrehunen bat preso politikoetatik 120 torturatu egin zituzten atxilotu zituztenean. Horiek guztiak kalean egongo lirateke, Instanbulgo protokoloan oinarrituz, trantsiziozko justizia aplikatuta. Hori egitea, torturatu egin dela onartzea litzateke, aitortzarako bidean beste pauso bat. Torturak inpunitate osoa izaten jarraitzen du, eta torturatzaileak kategoriaz igo ez ezik kondekoratu ere egin dituzte kasu askotan.
Egia osoa argitara ematea behar-beharrezkoa dugu, ez bakarrik gure mina arintzeko, baizik eta herri honek bake eta askatasun agertoki berri batera aurrera egiteko ere. Sufrimendu batzuk ukatzeak gatazkara gehiago katramilatzen gaitu eta gatazka betikotzen du. Gure seme-alabek oinordekotzan ez dezatela gure mina jaso, bakean eta aske bizi den herri bat baizik.
Aitzol Arrieta Erauskin,
Sortuko kidea