Iruña-Veleiakoa, astelehenean. «Ikusi egin behar epaiketak zer ematen duen», zioen Elixabete Garmendia kazetariak Berrian. Eta jarraitzen zuen: «Tamalgarria da arkeologo, hizkuntzalari eta historialariak elkarlanean jarri eta auzia argitzeko gai ez izatea; deitoratzekoa, jakintzaren arloan diharduten erakundeek -Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde, unibertsitateak…- horretan ez lagundu izana».
Bete-betean asmatu du Elixabetek. Zergatik ez da egin arkeologo, hizkuntzalari eta historialarien arteko elkarlan hori? Zergatik ez dute lagundu Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak, Jakiundek, Unibertsitateak…? 11 urteren ondoren, faltsutasunaren aldeko froga fisiko eta kimiko bakar bat ere ez dute aurkeztu. Eta Arabako Foru Aldundiak, aztarnategiaren jabeak, oztopatu egin du grafitoak laborategi espezializatuetara eramatea.
Alderdi politikoekin elkarrizketa ugari egin dira: alfer- -alferrik! Milaka sinadura bildu dira: ez dute eraginik izan. Eskariak: frogak egin arte epaiketa atzeratzeko. Salaketak: aztarnategian hondeamakinak baldarki sartu zituztelako eta milaka tona lur, batere aztertu gabe, zakarretara bota zituztelako.
10 urtetan 100 bat hitzaldi Iruña-Veleian gertatzen ari dena herriz-herri azalduz. 50 bisita gidatu aztarnategira: oso erantzun ona jendearen aldetik.
Arabako Diputazioaren aurrean, 5 urtez, enkarteladak astero (udako bi hilabeteak kenduta), Gasteizko Epaitegiaren aurrean ere asko: ez dituzte ikusi.
Letania askoz gehiago luza daiteke. Horma baten aurkako borroka izan da. Eta benetakoak badira? Epaiketaren ondoren hernaniarrok izango dugu aukera hontaz eta hartaz hitz egiteko