Pasa da urtarrilaren 30eko greba orokorra, bere eztabaida guztiekin, greba bai ala ez. Uste dut greba erreminta bat dela, deitzen duenak beharrezkotzat jotzen duena; eta erabiltzea bezain zilegi da, pentsatzea ez dela bide onena.
Greba egitea erabakitzen duten langileen eskubideak eta greba egiten ez dutenenak errespetatuz… Non geratzen dira herritarren eskubideak?
Aurreko ostegunean, hilaren 23an, gutxieneko udal zerbitzuak zein izango ziren galdetu nuen batzorde batean, eta bidaliko zizkigutela esan ziguten. Asteartean, Osoko Bilkuran, berriro eskatu nuen, eta alkateak erantzun zidan Eusko Jaurlaritzak dekretatutakoak zirela. Asteazken goizean eskatu nien udal teknikariei, udaletxeko gutxieneko zerbitzuen dekretua. Eusko Jaurlaritzaren Agindua bidali zidaten. Berriro galdetu nuen ea hori ote zen zegoen guztia, eta ez ote zegoen gure Udalaren erabakirik bere gutxieneko zerbitzuekin. Idazten ari zirela erantzun zidaten. Udaleko gutxieneko zerbitzuen dekretua urtarrilaren 29ko 15:10ean bidali zuten, greba orokorra hasi baino 9 ordu lehenago. Bakoitzak epai dezala, hori kudeaketa ona edo inprobisazioa den.
Dekretuak jasotzen ditu udaltzaingo zerbitzuaren gutxieneko zerbitzuak, legez %100ekoa dena; udal erregistroan pertsona bat egongo dela; musika eskolan zuzendaritzako beste pertsona batek egingo duela instalazioen irekiera eta itxiera; eta, azkenik, udal brigadako beste pertsona bat arduratuko dela saileko larrialdiez eta ikastetxeak ireki eta ixteaz.
Bide-garbiketako zerbitzuei buruz ez dago ezer; kiroldegia, euskaltegia, Biteri eta abar ere ez dira aipatzen, eta hori ulergarria izan daiteke funtsezko zerbitzuak ere ez baitira.
Baina hondakinak biltzeko zerbitzua ere ez al da funtsezkoa? Alegia, igandekoa izan zen hondakin organikoak atera ahal zitezkeen azken eguna, eta ostiralera arte ezin ditugu hondakin horiek berriro atera, gure hondakin organikoak etxean gordetzera derrigortuta gaude.
Eta hori nahikoa ez balitz, hainbat pertsonak helarazi didate kexa, esanez ez dutela ikusi bandorik haien atarietan, horren berri emanez. Beraz, sare sozialik ez baduzu edo egunkariak irakurtzen ez badituzu, agian ez duzu jakingo zaborra ez dizutela jasoko.