Arratsaldeko seiak ziren, eta Hernaniko Gudarien Plaza jendez lepo zegoen, Olentzerok sortzen duen ilusio hori bizitzeko irrikitan. Ikusmin giro horretan, Olentzero udaletxeko balkoira azaldu zen, baina opariak banatzeari buruz bakarrik hitz egin zuen. Olentzerok herritarren bihotzetara zuzenean hitz egingo zuela espero zutenak, dezepzionatuta gelditu ziren. Izan ere, urtero bisitan etortzen zaigun izaki magiko horren zeregina, Olentzerorena, festa hauen funtsezko idealak zabaltzea da.
Urtean behin izaten dugu aukera, gure herrian hazi eta hezitzen ari diren txiki horiei benetako mezu bat transmititzekoa. Goxokiak, argiak eta festak dira aitzakiarik onena, benetan transmititzeko bakearen, solidaritatearen eta norberaren barne garapenaren garaia dela. Data hauetan berriro hasteko aukera ematen zaigu denoi. Hilabete hauetan, kexa ugari entzuten dira, festa hauek sortzen duten kontsumismoari buruz, bazkari eta afaritan egiten diren gehiegikerien inguruan, baita oparietan ere. Baina, Gabonak ondo bizi eta ospatzen badira, ez daukate kontsumismoarekin zerikusirik. Alde batetik, egun horietan egun ilunetatik egun argietarako aldaketa progresiboa ospatzen da. Eta bestetik, mezu nagusi bat baldin badauka, honakoa da: beste nolabaiteko gizarte bat posible dela; eskuzabalagoa, irekiagoa.
Umeak esponjak dira. Ez dira sekula gehiago bueltatzen hain rezeptibo izatera. Ez dira orain bezainbeste egongo etorkizunez beteta, ezta hainbeste aukeraz josita ere. Urte guztian zehar izaten dugun aukera bakarra da, eta pasatzen uzten dugu. Eskerrak egutegia eskuzabala dela, eta hamabi hilabete barru berriro ere Gabonetako oparia egingo digula. Hurrengoan aprobetxatzen jakingo dugulakoan.