Beste taberna bat gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Eukene Lizarbe A. de Arkaia, Koxka Elkarteko partaidea eta Koxkako beste batzuk. 2020ko urt. 15a, 00:00

Taberna bat irekitzen denean, berri txar bat izaten da, bai goiko bizilagunentzat, baita beste tabernarientzat ere. Baina guretzat, aulki gurpildunetan ibiltzen garenontzat, berri ona da hau. Izan ere, lokal hauek, «kota zero» edo guztiz lauak dira; legediak behartzen baitu, lokal bat publikora ireki nahi bada, horrela egotera eta komuna diskapazitatuentzat egokitutakoa izatera.

Orduan, lehenagotik irekita zeudenak libratzen dira, baina horrek ez du esan nahi legedia betetzen dutenik. Hauek ez dituzte ezagutzen «irisgarritasun unibertsala» eta horrelako terminoak, edo ez dituzte ezagutu nahi.

Dendekin berdin gertatzen da. Ezin izaten dugu sartu eta kanpoan geratu behar dugu. Batzuk badaukate arranpa sartu ahal izateko eta galdetu izan dut zergatik ez duten jarrita uzten, eta erantzun didate norbaitek estropozu egiten badu beraientzat dela salaketa eta  beraz, nahiago dutela, behar dudanean momentuan jartzea, orduan, zerbait finkoa behar dudanerako da.

Baina honekin, hiru gauza etortzen zaizkit burura:
lehenengo, norbaitek estropozu egitearen arriskuagatik geratzen garela gu kanpoan,  gu ere bezero pontentzialak garenean. Bigarren, kalea aurkitzen dugula, askotan, ez oso egoera onean eta horrela moldatu behar izaten dugula gure aulkiekin. Eta hirugarren, ni lehen ez nintzela diskapazitatua eta gauzak begiratzera sartzen nintzen eta orduan «pikatu» egiten nuen.

Bukatzeko esan, normalean legedia gizartearen atzetik joaten dela, eta horrela legeak zaharkituak geratzen direla. Jendeak zerbait eskatzen duenean, eguneratu egin behar da, adibidez, eutanasiaren gaia. Baina diskapazitatearen gaia alderantzizkoa da, politikoak beti ados egon dira zerbait egin behar dela esaten denean, eta hitz politak erabiltzen dira, baita  lege aurrerakoiak ere, baina gero ez dira betetzen. Beraz, ongi etorri tabernari berriei, barrura sartu ahal dugulako eta horrela inklusioa jorratuz jendearekin harremaneta egon gaitezkeelako.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!