Gabonak pasa diren arren, oraindik ere jostailu dendek banatu zituzten aldizkariak etxean ditugu. Aldizkari hauek oso kezkatuta naukate, orain arte mugimendu feministak lortzen ari diren aurrerapenak abolitzen ari baitira.
Alde batetik, gizarteak inposatutako estereotipo matxistak azaltzen dira jostailu katalogoetan. Adibidez, sukalde edo etxearen zainketari lotutakoak beti neskei zuzenduta daude. Hau dela eta, hasieratik umeen hezkuntza berdintasunaren bidetik zuzendu beharrean, atzera egiten ari gara, estereotipo hauek gure artean desberdintasunak soilik handitzen baitituzte. Desberdintasun hauek emakumeen eta gizonezkoen arteko aldea areagotzen dute, betiere emakumea gutxietsiz.
Beste aldetik, umeek genero-rolak barneratu egiten dituzte aldizkari hauek ikusterakoan. Hau dela eta, etorkizunean, gure seme-alabek txikitan ikasi duten hori haien jokabidean islatuko denez, gure gizartean ideologia matxistek garrantzia handia izango dute. Orobat, arazoa ez da jostailuak sexistak direla, benetan aldizkarietan produktu horiek saltzeko era sexista baizik. Era berean, behin eta berriro errepikatzen diren estereotipo horiekin identifikatuta sentitzen ez diren umeak frustratu egiten dira, gizarteak inposatutako arauekin bat ez datozelako. Beraz, propaganda sexistek, neska eta mutilen arteko desberdintasunak handitu ez ezik, estereotipo hauekin identifikatuta sentitzen ez diren umeak diskriminatu egiten dituzte, baita ere.
Hori gutxi balitz, jostailu hauek saltzerako garaian transmititzen diren balioak ez dira batere etikoak. Aldizkari hauek bi multzotan sailkatzen dituzte umeak sexuaren arabera, eta multzo bakoitzean balio jakin batzuk sustatzen dira. Adibidez, mutilei zuzendutako propaganda beti bortitza eta sentimenduekin loturarik ez duena izaten da, alegia, mutilak beti sentimentalki gogorrak eta ez sentikorrak izan behar direla transmititzen da. Eta horrek ondorio zuzenak ditu eraikitzen ari garen gizartean.
Hau horrela izanda, gure gizartean dugun arazo larrienetariko batekin bukatu nahi badugu, gabonetan eta urtean zehar iristen zaigun propaganda sexista alde batera utzi behar dugu. Orobat, jakinarazi behar diegu jostailu dendei gure desadostasuna honen inguruan lehenbailehen arazo honekin buka dezagun.