Atzera begira jartzeak ez du askorik balio aurrera begiratzen jartzen ez bagara. Kontrakantxa gaztetxea gaur arte bizirik mantendu ahal izan da, bere gorabehera guztiekin, gaztetxearen baitan antolatu izan den jende guzti horren ekarpenarekin; eta gaur ere antolakuntzaren beharra azpimarratu nahi dugu, ezinbestekoa dena datozen erronkei aurre egiteko. Gazteon antolakuntza tresna eranginkorrenetakoa da proiektu desberdinak aurrera eramateko, hori frogatzen dute urtetako esperientzia desberdinek, bai Hernanin, baita Euskal Herri osoan zehar ere. Baina ez da nahikoa izaten.
Gaztetxe eta gazte asanblada ezberdinek azken urteetan erakutsitako garapen politikoak beste behar batzuk ere mahai gaineratu ditu, eta emandako hausnarketa ezberdinetan agerian geratu ziren behar eta arazo batzuei aurre egiteko, herriz herriko antolakuntza formek beren mugak dituztela. Lan politikoa bermatzeko baldintzak eskuratzerako orduan arazo askori egin behar diogu aurre, gaztetxe bat lortzearekin ez da nahikoa izaten ondoren hau mantendu ezin bada. Horretarako beharrezko tresna eranginkorrak sortzeko beharra ikusi da, eta hausnarketa horien ondorio izan da Erraki gune autogestionatuen babes sarea. Martxoan sortu zenetik gaztetxe ezberdinen erresistentzia une edota okupazio garaietan eman duen laguntza ezinbestekoa izan da hainbat gaztetxe berri lortu ahal izateko, horren adierazle izan dira Lekeitio, Hondarribi, Aiztondo, Errotxapea, Tolosa edota Azpeitiako gune autogestionatuen okupazio eta erresistentzia faseak.
Gure lanarekin jarraitu ahal izateko baldintzak bermatzea ezinbestekoa zaigu, eta horretarako tresna eraginkorrak behar ditugu. Horregatik, Errakiren bitartez elkartasuna saretzen jarraitzeko apustuan berresten gara.