Atzera begira jartzea besterik ez dago honainoko bidea luzea izan dela ohartzeko. Bide horretan gainera, ez da alperrik egindakorik, era guztietako ale bakoitzak ekarri gaitu hona eta aurrera begirako aukera oro da guzti horren ondorio. Abenduan, 13 urte beteko dira Kontrakantxa gaztetxea okupatu eta zabaldu zenetik eta urte guzti horien ondoren egindako lan guztia ospatu ahal izatea ez da gutxi. 2006Ko abendutik gaur arte ehundaka gazteren lana, ekarpena, gogoa, ilusioa eta borondatea pilatzen da gaztetxeko hormen artean.
Euri dexente egin du ordutik, baina bada aldatzen ez den gauzik. Hasieratik oinarri izan dugun autogestioaren filosofiak ez du etenik izan, gure beharrak gure ekinbidez asetzea beharrezkoa zaigu zapaltzen gaituen sistemaren aurrean, eta gaztetxeak bizirik irautearen arrazoietako bat da. Era berean, harreman eredu berri baten eraikuntzan dihardugu egunero, sal-erosketan eta elkarren arteko zapalkuntzan oinarritutako harremanen gainetik elkartasunean eraikitako sareak osatuz. Dudarik ez da gauzak aldatzeko grin iraultzaileak pizturik dirauela eta bereziki gazteok pairatzen ditugun zapalkuntzen aurrean gaztetxeak gune aske bat izaten jarraitzen du, gure bizitzak nahi bezala antolatu ahal izateko ekarpena egiten, oinarrizko beharrak asetzeko baliabideak ematetik aisialdia antolatzeraino.
Beraz, badugu zer ospatu. Urtetan egin dena lanaren ondorioz datozen urtetan lan egiten jarraitzeko aukera dugu. 13 urte beteko ditu Kontrakantxa eta hemendik pasa diren guztiei eskerrak eman beharrean gaude. Belaunaldi ezberdinen borroka tresna izateko gaitasuna izan du eta etorriko zaretenok ere zabalik dituzue ateak. Zabalik ditugu aurrera egiteko ateak. Jarrai dezagun lur berriak ereiten.