Billar frantsesa karanbolak egitean datza, eta hortarako, jolas-mahaian bola horia, gorria eta zuria daude. Partida hasiera bola horiari dagokio, eta karanbolak egiteko jaurtitze berean bola horiak beste biak ukitu behar ditu.
Catalunyako herriak eman dio hasiera partidari, eta jolas-mahaian bere bola horia, zezen-odol gorriko bola eta nazioartearen kolore neutroko bola zuria daude. Karanbola egiteko, jaurtitze berean Catalunyak Ñ-ren akordiorako gaitasunik eza biluztu nahi du, eta horrela arazo nazionala nazioartekotu. Baina, bola gorria astindu ostean ez du bola zuria ukitu, nazioarteak afera espainiar estatuko barne arazo gisa hartzen baitu. Ez dago karanbolarik!
Ñ-ren txandan, epai mendekariak Catalunyako herria sutan jarri du. Bola zuria jomugan, bere sistema politikoa nazioartean legitimatzeko Ñ-k hauteskunde orokorretara deitu du, eta efektuak bola horia ukitzen du, Catalunyako klase politikoak herria bozetara daramalako. Karanbola!
Billar-jokoan, politikan bezala, oinarrizko arauak eta printzipioak daude, eta partida irabazteko, jakituria guztia praktikan jarri behar da. Munduak badaki Catalunyan arazo nazionala dagoela, baina bere klase politikoaren joko-estiloa ez da homologatua, hiru jolaskide ez dira onartzen; beraz, nazioarteko balizko aliatua egonean dago. Ezinezko karanbola!
Ez al da inkoherentea Ñ-ren sistema politikoa arbuiatzea eta aldi berean botoa emanez legitimatzea? Zortea opa diot Catalunyako herriari, eta bere klase politikoak 10Ñ balia dezala munduari ozen adierazteko Ñ-rekin jolasteari BOIKOTA egiten diola, orduantxe lortuko baitu Ñ-ren zapalkuntzari legitimitatea kentzea, eta nazioarteak Consell per la República Catalana subjektu politikoa aintzat hartuta, bere arazo nazionala nazioartekotzea. Karanbola eta partida!