Egun bakoitzak bere lana dakar, egun bakoitzean erabaki behar dugu zer egin nahi dugun askatasuna lortzeko. Zentzu honetan, azaroaren 10ean hautua argi dago: egin dezakegun onena da, hautestontziak ezker independentistaren botoekin bete. Hori frogatzeko, etxeko buzoia ireki besterik ez dugu: Ahora España, siempre España. Más España. Horrelako leloekin azaldu zaizkigu Madrileko alderdi guzti-guztiak. Inposizioan eta zapalkuntzan oinarritzen den proiektu bat dute, besterik ez. Egurra eta kartzela bai hemen, bai Katalunian, eta edozein lekuan. Indarra dute, baina ez arrazoia. Baina egoera ilun hauetan, herrien elkartasunetik etorri zaigu argitasuna. Galizia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko indar independentista guzti-guztiek elkarlanerako bidea adostu dute. Apirilean EH Bildu, BNG eta ERCk hasi zuten bide hori. Oraingoan askoz ere gehiago dira, eta horien artean, gure pozerako, Kataluniako CUP ere badago. Egoera larria dela argi dago, baina elkarturik indartsuagoak gara. Autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea herriak eta herritarrentzat, askatasuna preso politikoentzat, herrien eta herritarren eskubide sozial, zibil eta politikoen defentsa. Bide berri baten abiapuntua, garai hobeago baten hasiera. Goazen lanera, goazen askatasunari botoa ematera.