Zergatik emigratzen dugu pertsonok? Ez da gure abentura grina asetzeko edota ‘lehen munduko’ bizitza estiloarekin amesten dugulako. Etorkinok ez dugu gure jaioterria borondatez uzten. Gure herriko koloreak, usainak eta zaporeak izugarri maite eta faltan botatzen ditugu urrun gaudenean. Sorterria uzteko erabaki gogorra hartzera bultzatzen gaituzten arrazoiak hamaika dira. Hernani bezalako herri batera ailegatzeko egin beharreko ibilbidea ez da samurra. Bidean mota guztietako oztopoekin egiten dugu estropezu.
Hemen gure bizileku berrian, etxetik urrun egoera ahulago batean bizi gara: hemengo janaria eta edariaren zaporea arraroa da, askotan ez ditugu hemengo hizkuntzak menperatzen, legeak ulergaitzak iruditzen zaizkigu, batzuetan ez ditugu hemengo kultura eta tradizioak ondo ulertzen eta lana eta etxebizitza topatzea konplikatuegia da. Horri gure alboan familia kide edo lagunik ez dugula erantsi behar izaten zaio. Sarriegi bakardadean sentitzen gara.
Ederra izango litzateke Hernaniko jendeak lagundu ahalko baligu etxetik kanpo beste etxe berri bat aurkitzen. Gu guztiok jatorri desberdinetatik gatoz eta gure errealitateetatik hartu dugun jakintza-ondasuna ekartzen dugu, herriko kultura aberastu dezakeena. Zoragarria izango litzateke harrera-komunitate bat edukitzea, ez bakarrik gu integratzeko (hitzaren zentzu zabalenean), baizik eta gureganako interesa adierazteko, gu ikusteko.