Espainia aldetik datorkigun haizea ez da bakearen aldekoa, mendeku gogoz beterikoa baizik, eta orain Auzitegi Nazionaleko fiskalak 11 urteko espetxe zigorra eskatu du niretzat. Urriaren 17an Auzitegi Nazionalean epaituko naute.
Egoera politikoa aldatu dela ederki dakite, baina bost axola zaie. 2011tik gaurdaino Euskal Herrian ezertxo ere gertatu ez balitz bezala ari dira jokatzen. Ez dute bakea nahi. Mendekua baizik ez dute nahi, mendekua eta kitto. Hau munduko edozein tokitan aipatuz gero, egia denik ez lukete sinistuko, baina egia hutsa da.
Gaixotutako euskal presoak ez dituzte askatu, eta euskal preso gehienak Euskal Herritik oso urruti gauzkate, baina ez dirudi espetxe politika hau aldatzeko asmotan dabiltzanik. Parisko agintariek egoera aldatu dela ulertu dute, eta euskal preso politiko gehienak Euskal Herrira hurbildu dituzte, baina Madrilgo agintariek ez dute bide hau jarraitu nahi. Aitzitik, espainiarrek giza eskubideak urratzea gogoko dute, aspaldiko ohitura zaharra bailitzan.
Bestalde, euskal preso eta iheslarien aldeko borrokan, denok behar-beharrezkoak garela ulertu beharra dago, ezin baita inortxo ere baztertu. Denon lana eta indarraren beharra dugu, eta hau ongi ulertzea ezinbestekoa da. Euskal preso eta iheslarien arazoa ez da alderdi politiko zehatz baten arazoa, euskal gizartearen arazoa baita, eta giza eskubideak zaintzea, euskal gizartea osatzen dugun guztion ardura da. Euskal presoak eta iheslariak etxeratzeko, denon ekarpena behar da.
Azkenik, Ocaña I espetxetik idatzitako gutuntxo honen bidez, urtebete honetan hernaniarrek nirekiko eta nire senideekiko erakutsi duten elkartasuna bihotzez eskertu nahi dut. Guztiei banan-banan eskertzen dizuet.
Besterik gabe, eskerrik asko.