Hurbiltzen doa urriak 12a, hispanitatearen eguna, non, Espainiak festa egun nazionala deklaratu duen legez, Ameriketan egin zuten sarraskia gogoratzeko eta goraipatzeko. Zapaltzaileak izateaz harro daude eta hori erakusteak ez ditu lotsarazten. Euskal Herria desagertzera kondenatu nahi du kapitalak, Espainiar zein Frantziar estatua erabiliz, egutegi arrotzen inposaketaren bidez izaera propio hori ezeztatu nahi digute, euren normalitatearen baitan nahi gaituzte. Hori da egun honek adierazten duena, bi klaseen arteko guda, langileon eta burgesiaren artekoa. Batak bestea bere menpe nahi du, eta menperatze horretan, Euskal Herriak izan duen garapen historikoa dela medio, Euskal Herriaren eta gure kulturaren aldeko borroka guda horren baitan kokatzen da, langile klasea izanik borroka horretan interesa duen bakarra. Honen aurrean ikasleon hautua argia da. Azken urteotan argi adierazi dugun bezala, zapaltzaileari gerra deklaratzen diogu. Bere arauen eta normalitatearen aurrean intsumiso izaten jarraituko dugu.
Ez dugu jai-egun arrotzik onartzen, eta jai-egun arrotzen aurrean herri-eskolak eraikitzen jarraituko dugu. Herri Eskolak gure borroka tresna dira, iraultzaile eskolak dira, zapalduok gure egoeraz jabetu eta gure jardun propioa garatzeko espazioak, gure formazioa erabakitzeko, gure arazoak plazaratu eta elkartasun sareak sortzeko eta etsaiaren aurka antolatu eta borrokatzeko. Horregatik, urriak 12an 11:30tan gaztetxera gerturatzeko gonbidapena zabaltzen dizuegu, non, jai egun arrotz honi planto egin eta ikasleak antolatzeko eta autodefentsarako beharraz hitz egingo dugun. Ondoren, bazkaltzeko aukera egongo da borondatearen truke, gure artean hobeto ezagutu eta gure harremanak sendotzearen helburuarekin. Jai egun arrotzei intsumisioa!
Anartz Elosegi Mujika
Ikasle Abertzaleak