Pello Zubiria Kamino
Hernanin Zero Zabor
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak diru-bilketa abiatu du Zubietako erraustegiak (pizten baldin badute) zabalduko duen kutsaduraren kontrol independentea finantzatzeko. Hemendik hernaniarrok animatu nahi zaituztegu ekimen hau lagundu eta bultzatzera.
Ikerketa zientifiko honen helburua da urtero kutsadura frogak egitea, eta duela egun gutxi, ToxicoWatch fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa batek laginak hartu zituzten, bai erraustegiaren inguruko hainbat herritan (tartean Hernanin) eta bai urrunagoko beste batean, Goierrin. Puntu horietan oilategietako arrautza, goroldio, lur eta landareen laginak hartu dituzte. Oso inportantea da ezagutzea puntu horietan egoera zein den Zubietako tximinia zaborrak erretzen hasi aurretik, ondorengo urteetan berriro froga berdinak egin eta gauzak nola doazen berme zientifikoz frogatzeko.
Nazioarteko ikerlariak Euskal Herrira ekarri, laginak hartu eta beren herrialdeetan azterketa analitikoak egiteak diru kostu bat dauka. Horregatik, Errausketaren Aurkako Mugimendua osatzen dugun talde eta herritarrok (tartean Hernanin Zero Zabor elkarteak) erabaki dugu ikerketa babestea eta finantzaketa lortzen laguntzea.
Aurrera doa 13.000 euro biltzeko kanpaina eta deia egiten dizuegu hernaniarroi, bakoitzak ahal eta nahi duen neurrian parte har dezan. Dirua eman daiteke bai Verkami crowdfunding plataformatik, bai bankuko ES45 2095 5069 06 1064132086 (Zubieta Lantzen) kontu korronte honetan sartuz, edo baita ere Hernanin Zero Zaborreko kideren bati eskura emanez.
Ez etsi, hernaniarrok: eutsi. Errausketarik ez, ez Zubietan eta ez inon!