Ion Azpiazu Goñi
Artikulu honen zirriborroagatik hainbat zoriontze jaso ondoren, interes gehiagorekin animatu gara argitaratzera.
Atseginez irakurri dugu gure zinegotzien kezka, Hernaniko Kaxkoko komertzioa berreskuratzeagatik; eta zoriondu nahi ditugu horregatik.
Baina kontraesankorra iruditzen zaigu, Udaleko sail batzuk komertzioa berreskuratzeko kezkatzen diren bitartean, beste batzuek ez dutela entzuten bizilagunek esandakoa, eta ez dituztela ikusi nahi gure salaketetan eta beraiekin udaletxean egindako bileretan erakutsitako ebidentziak.
Eta zehazki Ingurumen Sailaz ari gara. Ez dio arretarik jartzen zaborren deposituaren osasungarritasunari, eta ez ditu konpontzen asteburuetako gauetako zarata arazoak.
Gure zinegotziek atzera bota zituzten, Plenoan aurkeztu genuen mozioko proposamenak. Proposamen alternatiboak espero genituen, baina oraindik ez dizkigute aurkeztu, eta lasai-lasai daude, gauzak ondo egiten dituztela sinetsita.
Ingurumen Sailean, badakite gazte batzuek Andrekaleko etxebizitza utzi dutela, bertan ez dauzkatelako osasun baldintza egokiak, izango duten haurra hezteko.
Bitxia da, baina Kaxkoan bizitzea ez da erakargarria, zaborrari eta asteburuetako zaratari esker; azken horrek, gomendatutako maximoa askogatik gainditzen du Andrekale, Nafarroa eta Zapa kaleetan, 2017an Udalak eskatuta egin zituzten neurketen arabera.
Bi arazo horiek konpontzen ez diren bitartean, biztanleriaren zahartzera eta komertzioaren ahultzera kondenatuta gaude. Batzuk komertzioa berreskuratzen saiatu arren, Kaxkoak segiko du izaten bikote gazteentzako erakargarria ez den zonalde bat.
Hori konprobatzeko, gonbitea luzatzen diegu alkateari eta Ingurumen Saileko arduradunei: etxebizitza hartu dezatela Kaxkoan, eta bertan bizi daitezela, baita asteburuetan ere, 2020ko urtarriletik apirilera. Eta gero, hitz egingo dugu.