Nonbait, bizipen eta esperientzietan oinarrituta sortzen omen du gizakiak jakintza. Bada, akatsetatik zein ondo egindakoetatik ikasi nahi badugu, ezinbestekoa zaigu ikusmira tarte batez bada ere atzera begira jartzea. Mundu berri baten aldeko borrokan gabiltzanok ere urteetan zehar borondate bera erakutsi dutenengandik ikasi behar dugu.
Erresistentzia, edozein mugimendu iraultzaileren muinean dagoen eta egon den kontzeptua da. Nola erresistitu? Noren aurka? Nola egin aurre oldarraldiei? Zein ondorio jasan dituzte erresistentzia praktikan jarri duten militanteek? Larunbat honetan gai horietaz eta gehiagoz solasteko aukera izango dugu Kontrakantxan arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Erresistentzia eta honen ondorioak beren azaletan bizi izan dituzten 4 militanteren bizipenez lagunduta hausnarketarako eta eztabaida politikorako aukera bikaina izango dugu.
Egunean bertan ateratako etekin ekonomikoak ERRAKIk (gune autogestionatuen babes sarea) martxan jarri duen erresistentzia kutxa nazionalera bideratuko dira. Finean, gure apustua diziplinan eta konpromisoan oinarritutako kultura politikoan sustraitzen diren babes forma eraginkorrak martxan jartzea da. Eta horretaz hausnartzeko beta hartuko dugu larunbatean. Interesa duen edonork zabalik ditu Gaztetxeko ateak.
Aingeru Otxotorena Uralde
Hernaniko Gazte Asanbladako kidea