Gure gizartean ematen den paradoxetako bat da, adineko jendea dagoela mugitu nahiko lukeena eta ezin duena, eta aldiz, horretarako aukera izanda mugitzen ez den jende gaztea. Eta gogora ekartzen dit, 15Mko beste hura, jende asko dagoela etxerik gabe, eta etxe asko jenderik gabe.
Bi esaera, Hernanin ematen den gertaera erreal baterako. Elizatxo auzoko jende asko dago, etxearekin baina mugikortasun urriarekin, izan adinagatik edo egoera fisikoagatik, Kaxkora iristeko ezintasuna edo zailtasuna daukana.
Lizeaga kalean, Hernaniko Udaltzaingoak kontrolatzen ez duen autopistan, eta garai batean Toledorako bide nagusian zalditeriarentzako galtzada zen horretan, dago herriko irteeran azkeneko etxea zena.
Botatzeko hustuta eta bidegorriko erabiltzaileei istripuak saihesteko, andamio bat jarri dute, hilabeteak daramazkiena; eta jakinarazi didate, horren gastuak ordaindu behar dituela, lur horiek erosi zituenak etxebizitza pribatuak egiteko.
Kontua ez da etxebizitza sozialei buruzkoa, pertsonentzako sarbide sozialei buruzkoa baizik. Urteak daramazkigu Udalari soluzioak planteatzen, sarbide seguru eta erosoagoak egiteko, auzo korapilatsu honentzat, Paradore inguruan eta ikastolatik Piripitara doan aldapan. Gaur arte, bidegorria eta Paradoreko lurretako aparkalekua besterik ez.
Espero dut, alkate berriak pertsonak eta informazioa jarriko dituela, bere kudeaketaren erdigunean. Horrela, ekintzak gauzatu baino lehen, animatzen dut publiko egitera, zer dagoen aurreikusita etxe zahar horren inguruan, eta lurrak gorde ditzala soluzio elektromekanikoak (igogailu inklinatua, eskailerak...) jartzeko, Kaxkora iritsi ahal izateko Elizatxo beran eta Elizatxo aldapako bizilagunek. Bestetik, egin dezala seguruagoa eta erosoagoa sarbidea, Elizatxo goraneko bizilagunentzat, aprobetxatuz Paradoreko lurretako bidegorria, eta abiadura kontrolatuz Lizeaga kalean (nahiz eta udaletxearen ipurdia izan), edota disuasoreak txertatuz galtzadan, herri osoko beste kaleetan bezala. Hurrengoa... zarataren disuasoreak.