Ion Azpiazu Goñi
Kaxko Hobetu
Hernaniko Kaxkoko bizilagunok, urteak daramazkigu protestaka, asteburuetako zarata eta desorden etengabeagatik. Eta orain, pozik hartu dugu, El Diario Vasco egunkarian irakurri dugun albistea:
«Getariako ordezko alkatea kondenatu dute, taberna batean zaratak baimentzeagatik. Zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio Gipuzkoako auzitegiak, Nika Lerchundiri (EH Bildu)».
Luis Intxauspe gure alkate ohiak bere agurrean adierazi zuen bezala, administrazioko mugimenduak motelak dira, eta batzuetan erantzuna ez da iristen guk nahi bezain azkar, baina iritsi egiten da.
Gustatuko litzaiguke, albiste hau abisu bat izatea, eta Hernaniko alkate berriak gaurtik kontutan hartu eta konpontzea, asteburuetako zarata arazoak, bereziki txotx denboraldi osoan zehar, Hernaniko Kaxkoan.
Helburua: bestelako turismo eredu bat, gure tradizioekiko errespetua oinarri izango duena; txotxa, sagardotegietan. Eta errespetua, baita ere, Kaxkoko bizilagunen atsedenerako eskubideari.
Bizilagunen nahia ez da inor kondenatua izatea; baina ez dugu onartuko, arduradunek alde batera utzi gaitzaten, eta ezerezean utzi ditzaten udaletxean aurkeztu ditugun konponbide proposamenak, azkeneko zortzi urte hauetan egin duten bezala.
Osasun, ingurugiro, turismo edota kultura sailak, Udaltzaingoa... bizilagunen begiraden erdigunean daude. Espero dugu lortuko dutela berreskuratzea, inoiz galdu behar ez zen atsedenerako eskubidea.