EH Bilduren gehiengo absolutuarekin zortzi urte igaro ondoren, orain ulertzen dugu bere jarrera. Zortzi urte, non EAJri eta oposizio osoari, trabak jarri zaizkigun informazioa sarbidea izateko edota udal teknikariekin obra publikoak bisitatzeko; ez da oposizioko inor liberatu legeak derrigortu arte; ez dira inoiz kontutan hartu euskal udalerrien elkarteak (EUDEL) egindako gomendioak, oposizioa kaltetzen duen proposamen bat egin duen arte (inguruko herrietatik, Hernanik bakarrik hartu du kontutan); ez da errespetatu oposizioko zinegotzi liberatuak enpresa pribatuan zeukan soldata eta bai gobernu taldeko batena; lotsarik gabe aritu dira gezurretan... Orain ulertzen dugu. Urte guzti hauetan etsaitzat hartu gaituzte, eta hala adierazi zuten apirileko plenoan.
Harrituta jarraitzen dugu. EH Bilduri ahoa betetzen zaio, hitz egiten elkarbizitzari eta ezberdin pentsatzen duenarekiko errespetuari buruz; baina gezurretan aritu dira. Gorroto sentimendua mantentzen dute, eta oraindik ere, etsaia gara berarentzat. EH Bilduko zinegotzi hauetako asko, maiatzeko hauteskundeetan aurkeztuko dira berriro, eta ez dugu uste, gorrotoa eta politikaren ikuspegi zaharkitu horrek Hernaniko politika gidatu behar duenik, ezta minutu bat gehiago ere.
Elkarbizitzaren alde bost urtez lan egin ondoren, EH Bilduk jarraitzen badu pentsatzen etsaiak garela, benetan arazo bat daukate. Tristea da, Hernanin gobernatzen jarraitzen badute, hernaniar guztietara hedatuko dutela beraien arazoa.
Egun batzuk barru, aukera daukagu Hernani herri irekia izateko, eta etorkizunera gorrotorik gabe begiratzeko; eta horretarako, beharrezkoa da berriro konpromisoa erakutsi, eta guztiok joatea bozkatzera.