Josu Arrieta Iraola
Hauteskunde sasoi betean gaude eta ohi den bezala, aurkariak guztia txarto egiten du eta norberak dena ondo. Kronikan apirilaren 11ko EAJ alderdiaren oharra horren eredu da, Bilduk egin duen guztia gaizki dagoela edo berandu datorrela dio, eta EAJk Hernani gobernatu zuenean guztia ondo eta zuzen egin zuela esaten baitu. Hala ere, orduko lorpen bikainena aipatzea ahaztu zaie, hain zuzen Osiñagako zerrategiaren lizentzia, bigarren aldian ere, legearen kontra eman zutena. EAJko oharrak esaten du, baita ere, nola aprobetxatu zuten ezker abertzalearen ilegalizazioa, «kargu publiko guztiei ordaindu genien egindako lanagatik?»; hau da, zinegotzi guztien artean pastela banatzeko.
Bestalde, aste honetan bertan, pentsiodunen biltzarrak alderdi guztiak gonbidatu zituen asteleheneko batzarrera. Bildu eta Orain Hernani joan ziren, eta dituzten proposamenak azaldu zituzten. EAJ eta PSOE, berriz, ez ziren azaldu ere egin.
Azaldutako guztiak Bibliaren aipu bat eransteko aukera ematen du:
Eta nolaz esan diezaiokezu senideari: «utz begian daukaan lasto-izpia ateratzen», zuk zeurean haga daukazula? Itxurazale hori! Ken lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko. Mateo 7, 4-5