Egoera zailenetan ere, ilegalizatuak, errepresio ankerrenaren zurrunbiloan, askok defendatu izan dugu zapalkuntza eta opresioari leku guztietan aurre egin behar zaiola. Bai kalean, lantegietan, auzoetan?eta baita ere Espainiar hauteskundeetan. Horrela egin genuen lehen eta horrela egiten dugu gaur. Horrela egin zuen Jon Idigorasek Espainiar erregearekin elkarrizketatu zenean eta horrela egin zuten irlandarrek Gerry Adams Londoneko diputatu aukeratu zutenean. Horrela egin zuen Gramscik italiar komunisten buruak hango parlamentuan Mussoliniren aurka borrokatzen zuenean. Horrela egiten du herri kurdoak Turkiaren aurkako borrokan.
Horrela egin izan dute EH BILDUren diputatuek urte hauetan. Ultra-eskuinaren aurka izan dituzten aurrez aurrekoak eredugarriak izan dira denontzat. Kataluniatik hasita, euskal preso politikoen defentsan, Altsasuko gazteen auzia, langile eta zapaldu ororen alde egin duten lana eskertzekoa eta miresgarria izan da.
Madrilera joango gara ez garelako izkutatzen. Gu ezkerreko independentistak, errepublikanoak, euskaltzaleak eta feministak gara. Guk Euskal Errepublika askea eta justoa nahi dugu. Guk berdinen arteko Euskal Errepublika eraikitzen ari gara egunero. Eta ez gaude bakarrik. Borroka honetan EH BILDU, Galizako BNG-arekin eta Kataluniako Esquerra Errepublikanarekin batera goaz eta iada erakutsi dugu zapaldutako herrien nahiak ez badira haintzat hartzen gai garela espainiar politika hankaz gora jartzeko eta PP eta PSOEren gobernuak erori arazteko.
Horregatik Apirilak 28an bozkatzera joango gara. Kendu dizkiguten eskubide politiko eta sozial guztiak berreskuratzeko, zapalkuntzaren aurrean askatasuna aldarrikatzeko, beldurraren aurrean itxaropena eta duintasuna zabaltzeko. Ez dira etxean geratzeko garaiak. Orain Errepublikak.
Mikel Arrieta Iraola