Politika zientzia bat da; horregatik, mundu osorako baliagarriak diren legeak, arauak eta printzipioak jasotzen ditu. Halaber, politika, jarduera ere bada, eta ekintza horretan, nahiz eta bere printzipio orokorren teoria menperatu, badago asmatu ezinik aritzea. Zinez, horrela ikusten dut Euskal Herriaren praktika politikoa, nahi eta ezin batean urtzen, euskotarrak bihotzez gure barnean desira dugun askatasuna lortu ezinaren etsipenak jota.
Politikaria, batez ere, politikaren zientziaz gain politikaren artea menperatzen duena da, alegia, errealitate konkretu bateko une bakoitzean jokatzen dakiena. Egiari zor, azken hamarkadako eginahalak utzitako uzta ikusita... arte surrealista dirudi!
Errealitatea, gordinki, Getxon eta Errege Bardeetan oraintsu marraztu da (aurrez bere izaera egiaztatzeko sobera marrazki ez baleude!), baina, indartsuenak ere ahulguneak ditu, eta sekretua aurkituta, bere atzapar artetik ihes egitea posible dugu.
Estrategia eraginkor batek, lehenik, indarra metatu behar du. Euskal Herriak daukan ideia politiko bateratzaile bakarra lehenetsi behar dugu: askatasuna, independentzia, autodeterminazioa. Hiru adiera ezberdin ideia politiko berbera adierazteko. Bigarrenik, zapaltzaileari jaramonik ez egin eta erresistentzia nazionalari atxiki: 28ari boikota! Espainiar hauteskunde guztiak, Frantzian legez, gure zapalkuntza legitimatzeko tresna dira, beraz, jukutria horretan Herriaren partaidetza, ezinbestekoa duten laguntza oparitzea da. Hirugarrenik, boikotaren taktika hau debaldekoa da, Herria babestuta dago eta zapaltzaileak ezin gaitu ez zigortu ezta bere sisteman integratu. Kolapso totala!
Boikota areagotuz, inoiz baino errazago litzaiguke, Getxoko portuan, soil-soilik turistaz lepo datorren gurutzaontzia baimentzea, eta Errege Bardeetako aireko espazioan, suntsipen handiko armez lepo datorren ehiza-hegazkinaren hegaldia debekatzea. Dudarik ez!
Iñigo Gallartzagoitia Zorrotzua