Tontorrez tontor, Aizkolegiko jauregi bitxira

Erabiltzailearen aurpegia Mendiriz Mendi 2019ko mar. 9a, 01:00

Egingo dugun hurrengo ibilbidearen zati han­di bat, Bertiz Parke Naturalaren mu­ga­tik egiten da. Parkearen ere­muari buruz, erreferentzia his­toriko ugari daude antzinatik. Errege eta noble desberdinak izan ziren ber­tako jabeak, baina 1898 urtean Pedro Ciga Mayok eta bere emaztea zen Dorotea Fernández Moralesek erosi zuten.

Parkea erosi eta berehala, parkeko beheko eremuetan ze­goen barroko estiloko jauregia berritu zuten, baita lorategia handitu eta berritu ere. Ondo­ren, Aizkolegi gailurrean jauregi bat eraikitzea erabaki zu­ten. Horretarako, bertara iristeko bide bat zabaldu zuten. Bidean landare espezie exotikoak landatu zituzten, eta inguruko basoarekiko babes neurriak hartu ziren, hala nola: zuhaitzak ezin moztu ahal izatea eta baso-ustiaketa jarduera debekatzea. XX. men­dearen hasieran hartutako erabaki haiengatik, disfruta dezakegu gaur egun horrelako baso heldu eder batez. Pedro Ciga 1949 urtean hil zen, eta Nafarroako Diputazio Foralari eman zion lur eremu zabal hori.  Nafarroako Gobernuak Parke Natural izendatu zuen 1984 urtean.


Aizkolegiko jauregia, txalet modernista

Aizkolegi gailurrean dagoen jauregia Ciga-Fernández bikotearen kapritxo bat izan zen.  Aisialdirako txalet modernista modura eraiki zuten, baina esnob puntu batekin. Pedro Cigak natura maite zuen (gaur egun ekologista deituko ge­nio­ke), elegantea zen, eta forma artistiko berrietara irekita zego­en. Naturaren misterioaz eta xarmaz disfrutatzeko toki egoki bezala eraiki zuen, eta horretarako, jauregiko terrazan behatoki txiki bat jarri zuen. Egun eguzkitsuetan, behatokitik kataloxa batekin inguru horietako baso, ibai eta eremuak arakatzen zituen.  

Nahiko hondatuta egon arren, eraikinak zutik jarrai­tzen du gaur egun. Galeria eta miradore ugari ditu, hainbat arku, eta material nobleekin eraiki zen. Jauregi zahar eta bitxia da. Bere berri ez baduzu, horrelako etxe bat horrelako paraje batean aurkitzea, benetan harrigarria da. Gauez, lainopean eta lanbroz inguratuta, beldurra emateko tokia izan daiteke.


Hiru zati ezberdinetan banatuta, ibilbidea

Ibilbide honetan, bi gandor na­gusiei jarraituko diegu. Beraz, ibilbidea hiru zatitan banatuta dagoela esan genezake. Lehenengo zatian gora egiten da, eta altuera azkar irabazten da. Bigarren zatian, tarte luzeenean, gandorrei jarraituz eta gora behera txikiak eginez, gailur pilo bat igaroko ditugu. Azken zatian, behera egiten da, eta igotako desnibel guztia tarte labur batean jaisten da.

Etxalar herrian Jauregieta kalea hartu, eta asfaltatutako pistatatik azken baserriraino igo behar da. Bertan pista utzi eta bideari ekin behar zaio. Hasieran baso baten ertzetik igotzen da, baina berehala so­roetara pasatuko gara. Gan­do­rrari jarraituz, Azkua (786 m)  gailurrera igo behar da.


Azkua gailurretik aurrera, tontorrez tontor

Lehenengo gandor nagusiak ipar mendebaldeko norabidea du, eta  Azkua gailurretik Pa­re­tazar gailurreraino doa. Ber­tan, Arranokamaineta (752 m), Barda (812 m), Paretazarreta (771 m) eta Paretazar (800 m) gailurretik igaroko gara. Az­ken gailur honetatik ekialdera da­goen Azkolegi (841 m) gailurra egiteko eta bertan dagoen jauregiaren hondakinak bisita­tzeko asmoa dago. Paretazar gai­lurretik Iruleta gailurrera doan gandorra da bigarrena. Honek hego mendebaldeko no­rabidea du, eta bertan Año­latz (643 m) eta Iñarmeakako Kas­koa (637 m) gailurrak igaroko ditugu. Bigarren gandor honetan, bidea baso barrutik egiten da.

Azken gailurretik Suspiro lepora jaitsi behar da, eta bertatik, ekialdera eginez, PR-106 bidea bilatzera jo behar da. Bi­deari jarraituz, berehala gara Sunbilla herrian.


ETXALAR - AIZKOLEGI (841 m) - SUNBILLA

- Non kokatzen da: Nafarroan.

- Distantzia: 22 kilometro.

- Denbora: 7-8 ordu.

- Desnibela: 1000 metro inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.

- Zailtasuna: Zailtasun bere­zirik gabekoa. Ibilbide luzea.

- Beharrezko materiala:?Mendiko material arrunta.

- Mendiriz Mendik martxoaren 24an egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!