Hernaniar askok gertu-gertutik bizi izan genuen Egin egunkariaren itxiera, eta oraindik amorru ilun bat nabaritzen dugu Eziago poligonotik pasatzen garenean. Atxilotuak, torturatuak, ehundaka langile kaleratuak? Oraindik bizi-bizi dugun iragan krudela. Baina aldi berean, gogoratzekoa da egun horietan (herri honek hainbatetan erakutsi duen handitasunarekin) piztu zen elkartasun uholdea. Herriz herri, auzoetan, lantegi eta ikastetxeetan, milaka eta milaka euskal herritarrek maitasunez eta duintasunez Espainiaren errepresioari aurre egin, eta berriz ere gure komunikabide propioak eraiki genituen, eta hortik sortu zen Gara egunkaria.
20 urte luze joan dira, baina Espainiar Estatuaren aparatuek errepresioaren bidea mantentzen dute, oraingoan txantaje eta lapurketa ekonomikoa erabilita. Gara egunkaria ito egin nahi dute, itxi egin nahi dute, eta horrek denon erantzuna merezi du. Denon erantzuna, denon askatasuna dagoelako jokoan. Adierazpen askatasuna, langileen egoera, gure herriaren bizitza sozial, politiko eta kulturalak jasango lukeen kalte ikaragarria, denetatik esan nezake? Baina erasoa hain agerikoa da, non hitzak baino, elkartasun ekintzak behar diren.
Iada ekimen ezberdinak martxan daude, asko Gararen harpidedun egin gara, baina askoz ere gehiago behar dira. Ziur nago borroka hau irabaziko dugula. Gara aurrera!