Denbora pasatzen den heinean eta EH Bilduk hartzen dituen erabakiak zein diren ikustean, argituz dijoa zer den berriketa politikoa eta zer errealitatea. Berriketa: erraustegiaren kontra egin, asko kutsatzen duela diotelako, Atez Atekoarekin gustura agertu errefuxa gutxitzea lortzen duelako, hondakinak bereizita jasotzearen alde egin... Errealitatea: herria zikinkeriaz eta plastikozko pankartekin beteta egon dadin onartzen dute, ez dira sekula jarri erraustegiek baino gehiago kutsatzen duten porlan fabriken aurrean, Atez Atekoa guztiaren gainetik defendatzen dute Hernanin eraginkorra ez bada ere eta borobiltzeko, EH Bilduk gasoila erretzen duen ibilgailua erosi du, ezta gutxienean hibridoa dena ere, eta garbigailu bat erostekotan da, herria gasoilarekin errazteko, garbigailu elektrikoak badirenean.
EAJ-PNVtik ibilgailu hibridoen inguruko informazioa aurkeztu dugu eta azaldu dugu badirela hainbat enpresa, garbigailu elektrikoak eskaintzen dituztenak. EH Bilduk dio ez daudela ondo garatuak eta arazoak ekar ditzaketela. Ez dugu ulertzen Bilbon, Bartzelonan eta beste herri batzuetan pausua eman izana eta EH Bildu dieselarekin geratzea. Nola liteke udaletxeak ordenantza bat edukitzea ibilgailu hibrido edo elektrikoak erosten dituzten hernaniarrak saritzeko eta EH Bilduk gauza bera ez egitea?
EAJ-PNVn uste dugu erakundeak izan behar direla ingurugiroa zaintzen aurrenekoak, eta ez dugu ulertzen 2019an gasoila kontsumituko duten ibilgailuak erostea beharrezkoa izatea. Batez ere, antzeko ibilgailu hibrido edo elektrikoak badirenean.
Espero dugu garbigailuaren erosketa maiatzeko hauteskundeen ondorenera arte atzeratzea, eta horrela, elektriko bat izatea.