Xabier Agirrezabala Iradi, Hernaniko Harrera Sarearen izenean
Munduko txoko ezberdinetan giza eskubideen atzerakada ikusten ari garen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa dugu pertsonen arteko elkartasuna eta babesa.
Atzerakada honen ondorioak askotarikoak dira, eta kale egoeran dauden pertsona migratzaileak egoera bereziki zaurgarrian aurkitzen dira. Honen aurrean gure gobernu eta orohar instituzioen erantzuna eskasa izan oi da, zuzenean haien aurkakoa ez denean.
Hori dela eta, Hernaniko talde eta pertsona ezberdinek hitzetatik ekintzetara igarotzea erabaki dugu Hernaniko Harrera Sarea osatuz. Pertsona hauen behar ezberdinei (aterpea, elikadura, osasuna etab.) erantzutea da helburua. Horretarako, ezinbestekoa dugu herritarren artean sarea zabaldu eta indartzea.
Sarearen nondik norakoak azaldu eta honen etorkizunaz hausnartzeko aurkezpen irekia egingo dugu datorren asteartean, urtarrilak 22, 19:30etan Biterin. Bertara gonbidatzen zaituztegu sarearen parte izan edo zuen laguntza eskaintzeko prest zaudeten herritar guztiak.