Andoni Mirena Pikabea Lertxundi, Hernaniko Udaltzaingoaren zuzendaria.
Azken aldian ohikoa bilakatu da udaltzainak eta udaltzainen lana jo mugan jartzea edozein aitzakia aprobetxatuz. Ezintasun eta gorrotoa justifikatzeko, udaltzaingoaren kontra jotzea zilegi dela uste dutenak badira oraindik Hernanin. Gure pertsonen eta ondasunen aurkako gertakariak ugaritzen doazen neurrian udaltzaingoaren arduradun nagusi gisa natorkizue erasoak salatzera eta taldearen lanari babes osoa ematera. Bide desegoki eta maltzur hau jorratzen edo erabiltzen ari direnei zuzentzen natzaie, eraso hauek alboratu ditzaten eta bizikidetzaren aldeko apustu garbia egin dezaten.
Udaltzainak zerbitzu publikoa ematen dugun udal langileak gara. Hernaniarroi laguntza eta babesa ematea da gure funtzio nagusia, eskubide guztien defentsa bermatzeko agindu zaiguna betez. Hainbat jokaera eta jarrera zigortzeko eskumena ere badugu. Tartean hainbat gertaera tamalgarrik gure lana estaltzen eta desitxuratzen du. Errazegia bilakatu da udaltzainon lana epaitzea eta neurri gabeko akusazioak udaltzainei leporatzea. Udaltzainen aurkako mesprezuak onartezinak dira. Udaltzainen lan zigortzailea begi onez ikustea ez da ohikoa baina horrek ez ditu inolaz ere justifikatzen udaltzainen aurkako eraso, irain eta mehatxuak.
Zein izango da gure erantzuna? Herritarrek eskatzen diguten zerbitzu publikoa hobetzea, herritarrei babesa ematen jarraitzea eta gainerako funtzio guztiak ahalik eta profesionaltasun handienarekin betetzen jarraitzea. Udaltzaingoa jo mugan jarri edo jartzeko asmoa duzuen guztioi mezu bakarra. Ez gaitzazue erabili zuen desakordio, ezinegonak kaleratzeko, etsipen eta miseriak leporatzeko. Ez eta ere arreta desbideratzeko eta are gutxiago gure soldatarekin jolasean ibiltzeko. Baliabide legal guztiak erabiliko ditugu udaltzaingoaren aurkako eraso guztiak salatzeko. Eta ekarpenik egiteko asmotan bazaudete, orain arte bezala, udaltzainak hurbil gaudela jakin badakizue, udaltzaingoko ateak irekita daude eta udaltzain buru honen laguntza eta aitortza izango duzuela orain arte izan dugun errespetuzko harremana mantenduz. Udaltzainak ere langileak gara. Udal langileak. Errespetuan oinarritutako bizikidetza manten dezagun.