Sortzen ditugun hondakinen portzentaje altua birziklagarria dela oinarri duen hondakin-bilketarako sistema da atez atekoa.
Horretarako, herritarren parte-hartzea eskatzen du materialak hautatu eta sailkatzeko. Ondoren, hondakinak kalean dagoen zintzilikari batean uzteko egutegi bat zehazten du, baita jasotzeko ere, kalean denbora asko geratu ez daitezen.
Bilketa-ordutegietara moldatu ezin diren herritarrentzat, larrialdiko-puntuak esparru itxiak aurreikusten dira. Horietara identifikazio-txartel batekin sartu daiteke, urteko 365 egunetan edozein ordutan hondakinak utzi ahal izateko. Honaino dena ondo.
Gure eraikinean ez da zintzilikaririk ezarri, eta hondakinak portaleko lurrean uzten ditugu. Modu errazean sartzen dira buztan luzedun animaliatxoak, eta bertan, jaki estra topatzen dute.
Gure herrian, orokorrean, ez dugu inoiz ikusi orain bezainbeste buztan luzedun animalia, korrika kiroldegiaren ondotik edo udaletxearen paretik, baita zintzilikarian dauden poltsetatik gora igota ere, batzuetan (gutxiengoa), egun argiz. Kolonizatu duten etxerik bada, eta gauetan, lasterketak egiten dituzte sabai aizunen gainetan edota garaje-esparruetan.
Honen inguruan, osasun sailak izango du zeresanik; gure ustez, sistema deserosoa da, ez da osasungarria eta giza-osasunarentzat kaltegarria izan daiteke. Izan ere, hondakinak portalean utzi eta bertan pilatzea, jarduera natural/normal/logikotik kanpo dago, eta eragindako zikinkeriaren hedapena eragin dezake.
Baina jarrai dezagun. Behin hondakinak birziklatzen direnean, materia organikotik konposta lortzen da, landareentzat ezinbesteko nutrientea. Horren erosketatik irabaziak jasotzen dira, bilketa selektiboa errentabilizatzen du, baina... zoritxarrez, Gipuzkoan daukan merkatua gutxienekoa da eta diru-sarrerak oso eskasak dira; aurkeztutako zenbakiek ez dute kuadratzen eta konposta soberan daukagu. Zer egin dezakegu horrekin, orain?
Hori horrela, galdera luzatzen dugu: atez atekoa deritzogun hondakin bilketa sistema bera birziklatzea beharrezkoa al da?