Urteari hasiera emateko ibilbide polita proposatu du Mendiriz Mendik urtarrilaren 19rako: Igantzitik Unanu mendira igotzea. Ez da desnibel handikoa, ezta oso luzea ere. Eguraldi ona suertatuz gero, Arantza inguratzen duten mendien aldera dauden bistak zoragarriak dira. Ibilbidea zirkularra eta goizekoa da.
Iturri sendagarrien ibilbidea
Unanu gailurra izen bera duen mendilerroan kokatzen da, Arantza, Igantzi eta Lesaka udalerrietakoko lur eremuetan. Igantzi herrian hasiko da ibilbidea, Unanu mendira igo, eta San Juan Xar iturria bisitatzeko. San Juan Xar iturria eta bere inguruneak Erreserba Naturala izendatu zituzten 1987. urtean. Bertan xarma zuhaitza (Carpinus betelus) aurki daiteke. Iberiar penintsula osoan ez da inon gehiago modu naturalean aurkitzen. Inguru hauetan, badira zenbait mende dituzten gaztainondo zaharrak ere.
San Juan Xar iturriko urak antzinatik dira ezagunak. Inguru hauetako biztanleek debozio handia diote, azaleko gaixotasunentzat ur sendagarriak direla sinesten baitute. Iturriak hiru ur-zurrusta izaten ditu normalean, eta lau, urte euritsua izan denean. Errituala hurrengoa da: iturriko aho guztietatik edan behar da lehendabizi eta, ondoren, oihal bat uretan busti eta sendatu beharreko edota mindutako azal-atalak igurtzi. Oihala iturri inguruko landareetan zintzilik utzi behar da; gero, Igantziko erretoreak bildu eta erre egiten ditu. Azkenik iturri gainean dagoen santutegira igo eta San Juani kandela bat ipini behar zaio.
Antzinatik ugariak dira ur sendagarriekin loturiko santutegi paganoak. San Juan Bautistaren irudia egon baino lehen, errezoak eta ofrendak lamientzat ziren, euskal mitologiaren arabera holako tokietan bizi baitziren. Gero leku hauek kristautu egin zituen elizak. Gaur egun asko dira iturri honetara hurbiltzen direnak bere ondoezak sendatzeko itxaropenarekin. Horren lekuko dira iturri alboan aurkituko ditugun oihalak.
Igantzitik gora Unanura, eta buelta Arrata errekaraino
Ibilbidea herriko elizaren aurrean hasiko da. Herriko kaletatik metro batzuk egin ondoren, ezkerrera jo behar da. Bideak asfaltatutako auzo-bide batetik egiten du aurrera baserri batzuetara iritsi arte. Azken baserriaren aurrean, bidea bitan zatitzen da. Eskuineko adarra hartu behar da, eta pista bati jarraituz, igotzen segitu. Basotxo bat zeharkatu ondoren bide gurutze batera iristen da. Norabidez aldatu eta ezkerrera, hego-mendebaldera egiten duen pistari jarraitu behar zaio. Gora jarraituz, baso bat igaro ondoren, berehala gara Unanu gailurrean.
Bertan harri batzuk, lauburu bat eta orientazio-taula bat aurkituko ditugu. Gailurretik dagoen panoramika ederra da.
Indarrak berritu ondoren jaitsierari ekin behar zaio. Horretarako hegoaldeko gandorrari jarraitu behar zaio. Bidean behera puska batean jaitsi ondoren pista batekin egingo dugu topo. Zeharkatu eta bidetik jaisten jarraitu. Hurrengo pista aurkitzerakoan, ezkerrera egin eta berehala eskuinera. Borda eta baserri batzuk dituen Eguzkialde auzora iritsiko gara. Pistari jarraituz Arrata errekaraino jaisten jarraitu behar da. Bertan San Juan Xar bide harriztatuarekin (SL-NA 1 bidearekin) egingo dugu topo. Bideak San Juan Xarreko iturrira eramango gaitu.
Tokia bisitatu eta urak edan ondoren, harriztatutako bideari jarraituz Igantzi herrira igoko gara. Azken igoera hori zelaiak zeharkatzen egiten da, harresi txikiz mugatutako bide batetik. Nahiko laburra da eta erraz egiten da.
IGANTZI – UNANU (651 metro) - IGANTZI
Non kokatzen da: Nafarroan.
Distantzia: 12 kilometro.
Denbora: 3-4 ordu.
Desnibela: 600 metro inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik urtarrilaren 19an egingo du irteera hau.