Nik ere, Oroimen Historikoa 2018 Migranteak-deiturikoaren harira, beste memoria bat berreskuratu nahiko nuke, beste ikuspuntu batetik: bertakoena.
Bertakoak, pasa zituztenak pasa eta gero, harriturik ikusi zuten nola zetozten tren geltokitik ehundaka espainiar beren egurrezko maletekin.
Hernaniarrek, bizi behar izan zuten nola saboteatzen zituzten txistularien bandaren saioak. Zenbat hernaniarrek aditu ote zuten “Hable en cristiano!”, mespretxuz?... askok. “Azken etorriberri gosepasatuak halaxe esaten zigun! Eta gu, ixildu egin behar!” gogoratu arazten dit batek. Aniztasunaren aberastasuna, noski!
Oroitzen dira baita ere, nola inguruko enpresa haundiak, bertan bilatu ordez, askotan nola joaten ziren kanpora, Espainiara, langile berriak ekartzera.
Etorkin hauen artean sentsibilitatedun asko baziren, gerora integratu edota gutxienez errespetua erakutsi dutenak bertakoekiko. Baina hazkunde demografiko honek suposatu zuena, kultura/herri baten trajedia izan da.
Amaitzeko, esan nahiko nuke, herrialde batean batzuk atzerrira joateak ez duela herrialde osoa emigrante bihurtzen. “Los vascos, un pueblo emigrante” esaldian desitxuraketa intentzionatu bat ikusten dut (esan liteke hori irakurrita, Euskal Herria beste etnia nomada horietako bat izan dela, eta hain xuxen Herri honek ezaugarritzat duena da, milaka urte daramazkila leku berean).