Irakurri dut Hernani 10 udal gardenenen artean dagoela, eta ez dut jakin barre edo negar egin behar nuen. Ez dut imajinatu nahi nola dauden gainontzekoak!
Azaldu egingo dut; legegintzaldi honetan hainbat aldiz deitu dut Datuen Babeserako Euskal Agentziara aholku eta informe eske, EH Bilduk datuen babeserako legearen gainean egiten duen interpretazio murriztaile eta baztertzailea dela-eta. Eragotzi egin digu udal informaziora iristea, gure galdera askori ez zaio erantzunik ematen edo egindako galderarekin zerikusirik ez duten erantzunak ematen dizkigute, etab. EH Bilduk informazioraino iristeko trabak jarri besterik ez du egin.
Parte-hartzeari dagokionez, berdin. Badirudi prozesu parte-hartzaileetan garrantzitsuena ez dela jendeak parte hartzea, baizik eta prozesua. Hernaniarrek parte hartzen ez badute, zertarako parte-hartze prozesuak? Bi adibide, azalpen modura. Batetik, Hernani Erabaki. 16 urtetik gorako 1.285 pertsonaren parte-hartzearekin hasi ziren, eta aurten 1.791 pertsonak hartu dute parte; horietatik 615ek 8 eta 15 urte artean zeuzkaten, eta 1.176k, 16 urtetik gora. Bost urte daramazkigu parte-hartze sistema honekin, eta jende gehiagok parte hartzen duela itxura emateko bururatu zaien bakarra da, diru publikoa nola gastatu 8 eta 15 urte arteko umeek bozkatzea.
Bestalde, aipatu nahi dugu harrobian zer egin erabakitzeko prozesua. Lau edo bost bileretan batez beste 12 lagunek hartu dute parte, ia beti berdinek. Eta EH Bilduri zoragarri iruditzen zaio!
Hernanik 16 urtetik gorako 17.000 biztanle baino gehiago dauzka, eta EH Bilduren gobernantza eredua partehartzailea bada, bere ereduak ez du funtzionatzen.
Gardentasunera pausuak emateko, kontzientzian garden izan behar da. Gaur arte ikusi dudana da EH Bilduk ezkutatu, estali eta oposizioan dauden herriko ordezkariekin ezer ez partekatzearen aldeko jarrera duela.