Urteari amaiera emateko ibilbidea egingo dugu Mendiriz Mendi elkartekoek, abenduaren 16an, Arantza herritik Ekaitza tontorrera igota. Gogorra, desnibel handikoa eta nahiko luzea da ibilbidea, baina aldi berean, oso polita. Eguraldi ona suertatzen bazaigu, ibilbide osoan, Arantza aldera dauden bistak zoragarriak dira.
Arantzako zirkoa, Arrata erreka inguratzen duten gailurrez osatuta dago. Horietako askok mila metrotik gorako altuera dute, eta zirkulu erdi bat osatzen dute Arantza herriaren inguruan. Zirkoko gailur garaiena Mendieder da (1.071 metro). Ibilbide honetan, gailur horietako batzuk igoko ditugu. Zirko osoa egiteak 30 kilometro inguruko ibilbidea suposatzen du, baina guk zati esanguratsuena soilik burutuko dugu, 20 kilometro inguru eta ia 1.000 metroko desnibela duen zatia.
Bortzirietako herria da Arantza. Izenak adierazten duen bezala, bost herrik osatzen duten eskualdea da; hala nola, Etxalar, Bera, Lesaka, Igantzi eta Arantza. Herriko lurrek Lesaka, Igantzi, Sunbilla, Zubieta eta Goizuetarekin egiten dute muga. Arantza da eskualdeko herririk menditsuena. Bertako klima Atlantiar epela da, udara eta negu leunekin. Urte osoan euri ugari egiten duenez, eskualde hezea eta beti paisai berdea erakusten duena da.
Natur Erreserba 1987 urtetik, pago-lizarra babesteko
Bertako baso eta mendietan, oraindik agertzen dira antzinako zuhaitzen arrastoak. Beheko lur sailetan haritzak eta goi lurretan pagoak. Horiez gain, badira hosto erorkorreko beste zuhaitz espezie batzuk, nabarmenena lizarra. Basoen hedadurak zirkoko azaleraren %50 gainditzen du. Bailara honetan pago-lizarren (Carpinus betulus) baso batek irauten du. Garai batean Europan oso zabalduta zegoen baso motaren aztarna edo erlikia da. Iberiar penintsula osoan, hemen bakarrik sortzen da pago-lizarra berez. Zuhaitz hori babesteko, ingurune hau Natur Erreserba izendatu zuten 1987an.
Eskualde honetan, gizakiaren lehenbiziko aztarnak orain dela 4.000 urte ingurukoak dira. Hasieran ehiztari eta fruitu biltzaileak ziren gizaki horiek, ardi eta ahuntz taldeak etxekotzen hasi ziren. Haien bizilekuen arrastorik ez dugu; bai ordea, heriotz eta lurperatze erritoen aztarna megalitikoak: trikuharriak, harlauzez osaturiko hilobiak, harrespilak, zutarri txikiez osaturiko zirkuluak eta abar. Hildakoaren gorpu edo errautsen ondoan, gezi puntak, zintzilikariak eta beste hainbat objektu aurkitu dira. Megalito horiek, mendi lepoetan eta gailur txikietan agertzen dira. Gure ibilbidean hainbat ikusteko aukera izango dugu.
Herriaren historian murgilduz, Arantza XIII. mendean Nafarroako Erregearen menpean sortu zen herria da. Erdi Aroan eraiki ziren lehenengo burdinolak, herriko gunetik kanpo, errekaren ondoan. Lanbide horretatik datorkie izena, Arantzako etxe zaharrenei; hala nola, Aranibar, Ola eta Ibarrola. Olagizonen lanbidearekin batera garai hartan garrantzia handia izan zuen beste ogibidea hedatu zen: egur ikatza egiteko ikazkina. XVII. mendean Ameriketatik ekarritako artoaren laborea zabaldu zen. Artoa, talo edo opil modura, izan da orain dela gutxi arte, gazta eta beste esnekiekin batera, inguru honetako biztanleen oinarrizko elikagaia. XX. mendean eraiki ziren Electra Aranaz zentral elektrikoa (1800 zaldi potentzia ekoizteko gai zena) eta hainbat zerrategi. Elektrizitate ekoizpena, Errenteriako papertegirako zen.
Gaur egun, porrot egin du baserriaren ekonomiak, eta nekazaritzatik soilik bizi direnak gutxi dira. Biztanle gehienak Bera eta Lesakako industrialdeetan aritzen dira. Aldaketa prozesu horretan Arantzako herritarrek euren nortasunari eusten diote, eta garrantzia handia dute oraindik artzaintzak eta mendi inguruko kultura eta bizimoduak.
Arantza inguratzen duen gandorrari jarraiki, ibilbidea
Hilerriko bidea hartu eta PR-NA 104 ibilbideko marka zuri-horiak jarraituz Bulatxiki lepora igoko gara. Bertatik, Arantza inguratzen duen gandorra jarraitzen hasiko gara. Maldan gora eginez, Gurutze gaina gailurtxora iritsiko gara. Aurrerago, Mairubaratzeta gailurra dago. Hortik, ezkerrera eginez, aukera dago Bustizko lepora hurbildu eta bertatik Mendaur gailurrera igotzeko, baina guk gandorrari jarraituko diogu, eta Mendieder gailurrera igoko gara. Bertatik, goi mendiko belazeetatik barrera, igoera eta jaitsiera txiki batzuekin, Ekaitza gailurrera hurbilduko gara.
Indarrak berritu ondoren, altuera galdu behar da, eta Aranegieta lepora jaitsi. Bertatik, igoera txiki baten ondoren, Imintza gailurrera igoko gara, ibilbideko azkeneko gailurra izango dena. Hortik, Komizko gaina eta Negusoro gailurrak beraien ezkerretik inguratuz, eta zirkoko gandorrari jarraituta, Arantzara jaitsiko gara. Jaitsiera luzea da, eta aldi batean ia 800 metroko desnibela burutzen da. Bideak Aientsa auzora eramango gaitu. Arrata ibaia zeharkatu, eta Arantza herrira igo behar da, ibilbideari amaiera emateko.
ARANTZA - EKAITZA (1.046 metro) - ARANTZA
- Non kokatzen da: Nafarroan.
- Distantzia: 20 kilometro.
- Denbora: 05:30-06:00 ordu.
- Desnibela: 950 metro inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
- Mendiriz Mendik abenduaren 16an egingo du irteera hau.