Bai, 10 urte bete dira Gasteiz ondoko Iruña Veleiako aztarnategian bikain lanean ari ziren Eliseo Gil eta beste bi, kanporatu eta enkausatu zituztenetik. Arrazoia: beren lan taldeak aurkitu zituen grafitoak (euskaraz, latinez, eta beste hizkuntza batzuetan; buztinean, egurrean, harrian, hezurrean edota kristalean eginikoak) egiazkoak zirela defendatu zutela. Hasieran denek jo zituzten egiazkotzat, baina poliki–poliki, eta, argudio eskasak erabiliz, faltsuak zirela esaten hasi zen Arabako Foru Aldundia EHUko katedradun batzuen laguntzarekin, horretarako era guztietako trikimailuak erabiliz.
Injustizia galanta gai honekin burutzen ari direna: hamar urteko bankillo zigorrari, zazpi urteko kartzela eta 300.000 euroko diru isuna erantsi nahi dizkiete, laster burutuko den epaiketan.
Bidegabekeria ere ez da makala: euskararekin loturiko aztarnak eskasak dira gurean, horrela baztertzen ibiltzeko. Hau guztiaren egiazkotasuna ala faltsukeria frogatzeko bideak badaude egon: grafitoak eta aztarnak Europako Arkeometria laborategietara eramatea eta indusketa berri kontrolatuak egitea, milaka eta milaka lagunek eskatzen dugun bezala. Horretarako borondatea behar!