Barkamena eskatu behar diegu Ogasun zinegotziari eta hernaniarrei, erratu egin ginelako gure aurreko idatziaren izenburuarekin. EH Bilduren aholkularien kostua (103.000 euro), pixka bat handiagoa da zerga eta tasen igoerarekin bilduko den dirua baino (98.000 euro). Oraingoan hobeto adierazi dugu. Zergekin eta bestelako sarrerekin, ordaintzen dira zerbitzu publikoen zeharkako gastuak, administrazioko gastu orokorrak, aholkularien kostua...
EAJ-PNVn beti egin dugu politika Udalaren barruan, eta hedabideen bitartez informatzen ditugu hernaniarrak. EH Bilduri ez zaio gustatzen, baina hala egiten jarraituko dugu.
EAJ-PNVk gobernatu zuen legealdian (2003-2007), Ogasun zinegotziari hainbesteko interesa piztu dion horretan, esan nahi dugu politikarien eta aholkularien kostua 27.000 eurokoa izan zela hilean. Kontuhartzailearekin hitz egin dugun arren, agian ez gara oso zehatzak izan. EH Bilduk, 2019rako, 22.800 euroko gastua aurreikusi du hilean. Baina ez zaio tranpa egin behar herriari, eta beste kontu batzuk baloratu behar dira. 2003-2007 legealdian, 23 milioi euroko batazbesteko aurrekontuarekin, 4,2 milioi eurokoa izan zen inbertsioen batazbestekoa, eta 6,1 milioikoa pertsonalaren kostuarena. EH Bilduren legealdian, 27,9 milioi euroko batazbesteko aurrekontuarekin, 3 milioi eurokoa izango da inbertsioen batazbestekoa, eta 8,2 milioi eurokoa pertsonalaren gastuarena. Uste dut dena esanda dagoela; askoz ere diru gutxiagorekin, gehiago bideratu genuen inbertsioetara. Benetan uste dugu, diru publikoaren kudeatzaile hobeak garela, eta ekintza eta datuetan oinarritzen gara hori esateko.
EH Bilduko zinegotziek gehiengo absolutua bakarrik ezagutu dute, arrabola baten gisan aplikatu dutena. Uste dute hori dela politika egitea! Ondo etorriko litzaieke oposizioan egotea, horrela ikasiko lukete zer den politika egitea eta, guztion artean, herri egin daitekeela.