Kaixo, Alberto: Azaroaren 14an Kronikan eta DVn argitaratu zenuenaren harira gauza batzuk esan nahi dizkizugu, nahiz eta ez nauzun zuzenean aipatzen, niregatik ari baitzara adierazpen batzuetan.
Ez ditugu ulertzen zure harridura eta haserrea. Aipatzen duzun idatzia ez dago zuri zuzendua. Kargua utzi zenuen, eta aipamena egiten zaizu (errespetuz), Eusko Jaurlaritzan dokumentu publikoren bat sinatu duzulako. Giroa berotzea gustatzen zaizu, biktima papera hartzeko.
Bestalde, ez dakit ondo interpretatu dugun zure idatzia. Gutxi batzuren interes ekonomikoa lehenesten duzu bizilagunen ongizatearen eta legearen aurretik? Errepikatu dezakezu? Horrek bai harritzen gaituela bizilagunok eta bizilagun ez garenok.
Nahastu, manipulatu eta gezurra esaten duzu. Ez ote gaituzu konbentzitu nahiko Aldundiak, Arartekoak eta idatzian aipatzen dituzunak gutxi batzuen onura ekonomikoak lehenesten dituztela bizilagunen ongizatearen aurrean? Seguru gaude ez daudela diozunarekin ados. Agian zure taldeko norbait bai, ostalaritzarekin lotura duena.
Zure baieztapen horren atzean, badakizu lau urte hauetan bizilagunoi errespetu falta erakutsi diguzula behin eta berriro, zuengandik beste zerbait espero genuela, eta zugan eta zure taldean jarritako ilusioak popatik hartzera bidali dituzula. Izan dizugun errespeturik ez duzu merezi.
Egin dituzuen gauza onak badaude, baina itzalpean geratu dira. Kaxkoan dugun orden arazoari aurre egin gabe utzi duzu elkarteko lehendakaritza, eta hain juxtu, kontrakoa egin duzu, arazoa konpontzeko bidean topatutako harri bihurtuta.
Horrela, zure onerako eta pasatako legegintzaldiko taldekideen onerako, alde egiteko erregutzen dizugu. Azpimarratzen dugu horietako batzuk ostalaritzako interesak defendatzen dituztela, legea eta bizilagunen eskubideak errespetatu gabe, baina horrek beste atal bat merezi du.
Ion Azpiazu Goñi, Kaxkohobetu